Asier Ezeiza euskal preso politikoari 182 urteko espetxe zigorra ezarri diote
Hiru epaiketa behar izan du Espainiako Auzitegi Nazionalak Asier Ezeiza euskal preso politikoa erakundeak 2003an Alacanten eta Benidormen (Herrialde Katalanak) eginiko ekintzekin lotuta zigortzeko. Ezeizak 182 urteko espetxe zigorra onartu du, fiskaltzarekin akordioa eginda.
Fiskaltzak 268 urteko espetxe zigorra eskatu zuen Ezeizarentzat, hamalau hilketa saiakeragatik eta kalte handiko bi delitugatik. Azkenean, baina, bi aldeek 182 urteko zigorra adostu dute, nahiz eta gehienez hogei urtekoa izango den. Era berean, inhabilitazioa ere ezarri diote, eta Alacantera eta Benidormera joateko debekua.
Hirugarren aldia da Ezeiza ekintza horiengatik epaitu dutena. Aurreko bietan, Auzitegi Nazionalak ebatzi zuen ez zegoela nahiko froga Ezeizak parte hartu zuela baieztatzeko, eta absolbitu egin zuen. Auzitegi Gorenak, ordea, baliogabetu egin zituen ebazpen horiek, eta sententzia egokitzeko agindu zion epaimahaiari. Gorenak argudiatu zuen Auzitegi Nazionalak ez zuela aztertu Ezeizak atentatu haietan «lagundu izana», eta lehen epaiak frogatutzat jo zuela ETAko kidea zela eta 2003ko udan Herrialde Katalanetako kostaldean hainbat «kudeaketa» egin zituela erakunde armatuaren eskariz.
Ezeiza 2008an atxilotu zuen Frantziako Poliziak, eta hamabi urteko espetxe zigorra ezarri zioten ETAko militantea izatea egotzita. Fresnesen, Tarasconen (Frantzia) eta Mont de Marsanen (Okzitania) egon zen preso. 2020an, baina, Espainiaratu egin zuten, Auzitegi Nazionalak epaitu zezan. Orduan, Soto del Realen (Espainia) egon zen preso, eta, ondoren, Zaballan (Araba), COVID-19ak eragindako pandemiak berriz Frantziaren esku uztea eragotzi baitzuen. Hala, 2020ko maiatzean aske geratu zen, Frantzian ezarritako espetxe zigorra osorik beteta.
Auzitegi Nazionalean haren kontrako bi prozesu ireki zituzten. Batetik, ETAk Herrialde Katalanetan egindako ekintzetan parte hartu izana egotzita. Bestetik, Orioko (Gipuzkoa) PSE-EEko zinegotzi Juan Priederen exekuzioan parte hartzea leporatuta. Auzi harengatik, hemeretzi urteko espetxe zigorra ezarri zion auzitegiak, egileak autoz lekualdatu zituela egotzita. Hala, maiatzetik espetxean da.