lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 07/05/2022

Aske antolakundea jaio da Jardun koordinadoraren baitan

La Haine-Euskal Herria
Gaur, maiatzak 7, Jardun koordinadorak jazarpenari aurre egingo dion eta amnistiaren alde arituko den Aske antolakundearen aurkezpena burutu du Donostiako Trinitate plazan.

Jarraian aurkezpenean irakurritako testuaren transkripzioa:

Euskal Herria gaur egun pairatzen ari den egoera lazgarria da.
Nazionalki eta sozialki zapalduak gauden bitartean, honen aurrean borrokatzeko tresnen bitartekaririk gabe aurkitzen da Euskal Herri Langilea. Izan ere, borrokaren hautua egiten duen pertsona orok isunak, jipoiak eta atxiloketak besterik ez ditu jasoko espainiar eta frantziar estatuen partetik; beraien eskuetan dagoen makinaria errepresibo guztia erabiltzen baitute, euren hegemonia eta botereguneak zalantzan jarriko dituen edozein antolakuntza iraultzaileren kontra jotzeko.

Bitartean, Euskal Herrian jasotzen diren kolpe errepresiboei aurre egiteko tresna eraginkorren gabezia dago. Izan ere, ohikoa da, izaera lokaleko mugimenduak edota denbora mugatu bateko plataformak martxan jartzea kasu errepresiboen aurrean. Gauzak horrela, ez dira azpiratze egoerari aurre egin eta eraginkorrak izango diren erantzunak burutzeko aurrerapausoak ematen. Beharrezkoa da errepresioari maila nazionalean aurre egiteko tresnak sortzea. Beharrezkoa da egunerokotasunean errepresioa aztertu eta sozializatuko duten dinamikak martxan jartzea.
Beharrezkoa da errepresioa gainditze aldera, epe luzerako perspektibarekin eta estrategia integral batekin jardungo duen proiektu berri baten sorrera.

Bide horretan, nahitaezkoa da momentuko kolpe errepresiboak erantzuteaz haratago, errepresioa egunero pairatzen dutenen alde borrokatzea; hau da, euskal preso, iheslari eta errefuxiatuen alde borrokatzea. Azken hauek, Euskal Herriaren askatasunaren alde, beraien konpromiso eta prestutasunarengatik bahituak izan baitira. Baina euren askatasunarengatik borrokatzeaz gain, Euskal Herri Langilearen askatasunarengatik borrokatu beharra dugu. Izan ere, borroka ez da amaitzen preso, errefuxiatu eta iheslarien askatasunarekin. Zapalkuntzak jarraitzen duen bitartean, Euskal Herriak nazionalki eta sozialki azpiratuta jarraitzen duen bitartean, borrokak aurrera jarraituko du.
Horregatik, guk amnistia aldarrikatzen dugu, preso, errefuxiatu eta iheslarien askatasunaz gain, hauek borrokara eramandako arrazoien gaindipena, Euskal Herri Langileak pairatzen duen zapalkuntzaren gaindipena suposatzen duelako.

Izan ere, Euskal Herri Langileak jasaten duen errepresioa gainditzeko bidean, beharrezkoa da honen aurrean erantzun eraginkorrak emateko tresnak sortuko dituen, eta proiektu integral baten baitan kokatuta dagoen antolakunde bat. Helburu hauen pean lehenengo urratsak ematen hasiak gara, gaurko prentsaurrekoa horren adierazle nagusia delarik.
Gaur, JARDUN koordinadoraren barnean sortu berri den ASKE antolakundea aurkeztera gatoz. ASKE errepresioaren aurka antolatu eta amnistiaren alde jardungo duen antolakunde independentista eta sozialista da.

Zentzu horretan, dei egiten diogu Euskal Herriko langile orori, errepresioaren aurrean jardungo duen antolakunde berri honetan antolatzera eta, era berean, dei egiten dugu JARDUN Koordinadora, Euskal Herri Langilearen Alternatiba, Euskal Herriko askatasuna erdiesteko baldintzak sortuko dituen alternatibaren gorpuztean parte hartzera.

Bidea ez da erraza izango, baina guk argi daukagu helburuak merezi duela eta egia horren pean gure eskuetan dagoen guztia emango dugu, Euskal Herriak independentzia eta sozialismoa lortu arte.

Euskal Herriak amnistia!

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal