ASKE antolakundeak Amnistia Eguna antolatu du larunbaterako, Durangon

ASKE antolakunde antierrepresiboak ekainaren 6an Amnistia Eguna antolatu du Durangon(Bizkaia). BHI institutoan izango da eta egun osoko egitaraua prestatu dute. Goizeko 11:00etan izango da lehenengo mahai ingurua. Honetan, Ivan Montemayor eta Mark Neocleus ikerlariak indar errepresiboek gizarte kapitalistan duten funtzioari buruz arituko dira. Arratsaldean, 16:00etatik aurrera, arma ez hilgarrien gaiaz hizketan ariko dira bigarren mahai inguruan, arma hauen ondorioak pairatu dituzten hainbat pertsona eta eragilerekin batera. Bertan parte hartuko dute Jon Pazosek, Iker Aranak, Stop Pelotas de Goma plataformako ordezkari batek eta ASKEko kide batek. Egunari amaiera emateko manifestazioa egingo dute 18:00ak aldera, Errepresioaren aurrean, Amnistia osoa! lelopean.
ASKEren iritziz, sistema kapitalista krisi sakon batean murgilduta dago, eta horrek langile klasearen pobretzea, bizi-kostuaren garestitzea eta estatuen joera autoritarioen areagotzea ekarri ditu. Testuinguru horretan, antolakundeak salatu du estatu kapitalistek gastu militarra eta baliabide errepresiboak handitzen ari direla, disidentzia politikoa kontrolatzeko eta protesta soziala mugatzeko helburuarekin. Horren aurrean, ASKE antolakundeak beharrezkotzat jo du poliziaren auzia eztabaida politikoaren erdigunean kokatzea. Antolakundearen arabera, poliziaren eginkizuna ez da soilik segurtasuna bermatzea, baizik eta egungo ordena sozial eta ekonomikoa mantentzea eta mobilizazio politikoa mugatzea.







