lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 06/07/2026

ASKE Antolakundeak San Ferminetan errepresioa areagotzen ari dela salatu du

La Haine - Euskal Herria
Antolakundeak aurten iragarritako dispositiboa kritikatu du. Izan ere, San Ferminetan zehar, 2.700 polizia izango dira Iruñeko kaleetan.

ASKE Antolakundeak San Ferminen harira komunikatu bat plazaratu du, eta bertan salatu du azken urteotan Euskal Herriko langile mugimenduaren aurkako errepresioa gero eta handiagoa dela jai hauetan. Horren froga gisa, aurreko urteko uztailaren 6ko gertakariak jarri dituzte: "Espainiar estatuaren indar errepresiboek eta Iruñeko udalaren menpe dagoen udaltzaingoak 50 pertsona inguru identifikatu eta isundu zituzten kalean jardun politikoa burutzeagatik. Horrez gain, udaletxe plazan aldarrikapen politikoak sartzen saiatzeagatik atxilotuak nahiz karga polizialak egon ziren". Antolakundearen esanetan, Espainiako eta Frantziako estatuek baliabide errepresiboak erabiltzen dituzte Euskal Herriko mugimendu politiko eta soziala kontrolatzeko, eta San Ferminak "ez dira egoera horren salbuespena".

ASKE Antolakundearen arabera, San Ferminak "kapitalismoan oinarritutako festa" bihurtu dira, turismoa, kontsumoa eta Espainiako nazio-asimilazioa indartzeko helburuarekin. Horren ondorioz, jai eredua Euskal Herriko langileen interesen aurkakoa dela uste dute, eta "kapitalak inposatutako orden soziala" mantentzeko tresna gisa erabiltzen dela salatu dute.

Antolakundeak aurten iragarritako segurtasun dispositiboa kritikatu du. Izan ere, San Ferminetan 2.700 indar errepresibo baino gehiagok parte hartuko dute, Udaltzaingoako, Foruzaingoako, Espainiako Poliziako eta Guardia Zibilako agenteak barne. Halaber, hauek "Europako beste hainbat estatutako indar errepresiboekin" elkarlanean arituko direla ohartarazi du. Segidan, Iruñean Polizia Munizipalek dituzten 293 segurtasun kameren presentzia gaitzetsi ditu.

Egoera horren aurrean, ASKEk "kapitalak bere interesak defendatzeko neurri gisa egindako jai eredu kapitalistarekin apurtzea" aldarrikatu du. Bukatzeko, Iruñeko kaleak "aldarri politikoz" betetzeko eta borrokara batzeko deia egin du.

 

Contactar con La Haine

 

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal