lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 14/04/2023

ASKE-k Jazarpen Politikoaren inguruko irakurketa argitaratu du

ASKE
Iruñean abiarazitako kanpainarekin jarraituzJazarpen politikoa gainontzeko jazarpen formetan oinarritzen da eta, aldi berean, beste jazarpen formen aurrelantekarako baliatzen da.

ASKE-k Jazarpen Politikoaren inguruko irakurketa argitaratu du, Iruñean abiarazitako kanpainarekin jarraituz

JAZARPEN POLITIKOA

Jazarpen politikoa gainontzeko jazarpen formetan (polizial-militarra, kulturala eta juridiko-administratiboa) oinarritzen da eta, aldi berean, beste jazarpen formen aurrelantekarako baliatzen da. Indarrean dauden instituzio politikoek, bertan parte hartzen duten alderdi ezberdinek eta eragile politikoen eskutik burutzen da jazarpen politikoa. Estatuaren baitan betetzen duten zilegitasun iturri eta zaintza paperaren baitan osatutako izaera zuzen zein zeharkako kontrol forma da, estatuaren ongizatea eta gizartearen kontrol soziala bermatzera bideratuta dagoena. Jazarpen forma honek askatasun politikoak zehazten, mugatzen eta murrizten ditu, eta disidentzia politikoaren kontra egiteko marko judiziala eta poliziala finkatu. Inpunitate giroa sorttzeko baliatu ohi dute.

Burgesiak bere interesen arabera sortuak ditu estatuaren baitan dauden instituzioak, hauetan parte hartzeko burgesiak berak zehazten dituen “minimo demokratiko” batzuk onartzera eta bermatzera bideratuta daudenak. Izan ere, espainiar estatuan parte hartzen duten alderdi guztiak “ley de partidos” deituriko legea onartzera behartuta daude. Argi eduki beharra dago lege zehatz hori Euskal Herrian aurrera eramandako askapen borrokaren ondorioz martxan jarri zen lege bat dela. Lege honen helburu nagusia estatuaren sistema demokratikoaren funtzionamendua bermatzera bideratuta dago. Gauzak horrela, alderdi bat edo antolakunde bat demokrazioaren aurka doala edo biolentzia aurrera eramaten ari dela leporatzea nahikoa da ilegalizazio prozesu bat aurrera eramateko. Hori guztia aurrera eramateko, gainera, beharrezkoak dira aurretik giro aproposa sortuko duten kriminalizazio eta desprestigio kanpainak.

Jazarpen forma honek zeharkako jazarpena eramaten du aurrera. Horretarako, langile klasearen deshumanizazioaren eta kriminalizazioaren bitartez, honen aurka jazarpena burutzeko giro aproposa sortzen du. Hau aurrera eramateko, estatuak bere instituzioen baitan beharrezkoak ditu izaera ezkertiarraz mozorrotzen diren alderdiak, estatuari balizko itxura sasi-demokratikoa emateko. Era horretan, langile klasearen kontzientzian instituzio burgesetik klase zapalkuntza gaindi daitekeenaren ziria sartzen dute, eta instituzioetatik at antolatzen diren antolakunde zein mugimendu politiko ezberdinen desprestigioa eta kriminalizazioa aurrera eraman. Gauzak horrela, instituzioetan parte hartzen duten alderdi “ezkertiarrek”, estatuak inposatzen dituen instituzioak sostengatzeaz gain, hauek naturalizatu egiten dituzte, borroka politikoa instituzioen parte hartzera mugatuz. Horrela, langile klasea erreformismora bultzatzen du burgesiak, jazarpenik ez jasateko eta zapalkuntzaren aurrean aldaketak aurrera eramateko bide bakar bezala aurkeztuz. Hori horrela, estatuak inposatzen dituen instituzioetan parte hartzera behartzen du langile klasea, hauetatik kanpo antolatzen den edozein antolakuntza forma jazarria izanik eta jazarpen hau instituzio burges horietan parte hartzen duten alderdi guztiengandik sostengatua eta zilegitua izanik.

Halaber, jazarpen politikoaren bitartez, jazarpen zuzena aurrera eramateko beharrezkoa den marko ideologikoa sortzen dute, burututako askatasun politikoen urraketa begi onez ikus dadin. Horren bidez, jazarpen poliziala eta militarra aurrera eramateko inpunitate giroa sortzen da, gerora jazarpen kulturalaren baitan barneratua izango dena. Adibiderik argiena dugu pandemia garaian langile klaseari bere askapen borroka aurrera eramateko beharrezkoak zaizkion tresna politikoak (biltzeko eskubidea, manifestatzeko eskubidea….) urratu izana, estatuen instituzioen parte diren alderdi zein eragile politikoek haien jardun politikoarekin jarraitu zuten bitartean.

Bestalde, aipamen berezia merezi du jazarpen forma hau aurrera eramateko beharrezkoa den hedabideen kolaborazioak. Hauek gizartearen ideologian duten eragiteko eta baldintzatzeko gaitasuna dela eta, beharrezkoa zaio burgesiari jazarri behar duen antolakunde edo mugimendu politikoaren inguruko iritzia kaltetzeko eta hauekiko ezinikusiak sortzeko. Horren adibide dugu Euskal Herrian askapen nazionalaren eta sozialaren helburupean antolatzen den antolakunde orori “terrorismoa”-ren mamua toki guztiteatik sartzea, gerora hauen aurka eramango den jazarpena onartua izateko.

Bukatzeko, burgesiak jazarpen politikoaren bitartez, koiuntura politikoaren arabera sortzen dituen praktika jazartzaile berriak onartuak izateko beharrezkoa den oinarri ideologikoa sortzen du gizartearengan.

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal