Atzo izan zen Sastraka Gaztetxearen aurkako epaiketa

Portugaleteko Sastraka Gaztetxearen kontrako prozesu judizial bat dago zabalik, eta horren barruan, atzo egin zioten epaiketa gazte bati. Hori dela-eta, 13:15etan, Barakaldoko epaitegi aurrean bildu ziren hainbat gazte, Epaiketen aurrean, eutsi Sastraka lelopean.
Mobilizatu ziren gazteek azaldu zutenez, eraikinaren jabeak eraikina husten saiatzen ari dira. Eraikinaren jabea den Nuestra Señora del Carmen fundazioak aurkeztutako salaketa "lardaskeria" dela argudiatu du Sastrakaren defentsak. Izan ere, ez du kontuan hartzen Gaztetxean jarduera sozial eta kulturalak egiteaz gain, zaurgarritasun egoeran dauden pertsonak bizi direla. Epaiketa epaiaren zain geratu da, nahiz eta, Sastrakaren abokatuen eskaera onartuz gero, jabeek salaketa berriro egin beharko luketen.
2020an okupatu zuten urte luzez abandonaturik egondako eraikina, Karmengo Ama ikastetxea izandakoa, gaztetxe bilakatzeko. 2020ko egun hartan Ertzaintzak bederatzi lagun identifikatu zituen, eta haien kontrako epaiketa penala 2024an egin zuten. Gazteen defentsak eta fiskalak esan zuten ustezko okupazio delitua preskribatuta zegoela, eta epaileak absolbitu egin zituen.
(Irudia:Alerta Gorria)







