Baionako auzitegiak zigor ekonomikoa ezarri dio militante bati
Joan zen martxoan Baionako auzitegian epaitua izan zen euskaren aldeko militante bat, Baxe Nafarroako errepideetatik frantsesez ziren seinaleak kentzeko ekimenaren barnean buruturiko ekintzen harira. Epaileak euskaraz deklaratzeko baimena ukatu zionean auzi-gelatik alde egitea erabaki zuen ekintzaile baionarrak. Hala, hilabeteko kartzela zigorra eta 500 euroko isuna ezarri zizkioten, ondasun publikoen andeatze arinak egiteagatik eta aztarnak ematea errefusatzeagatik.
Atzo suprefeturako hormetan "Geldi euskara zapaltzea" leloa marrazteagatik eta Herribiltza kolektiboarekin euskararen alde eginiko ekintza batengatik epaitua izan zen berriz. Martxoan gertatu bezala, epaileak euskaraz aritzea debekatu ondoren, auzia hasi eta hogei bat minutura audientzia-gelatik alde egin zuen. Guztira 2.000 euroko isuna ematea eskatu zion fiskalak. Zehazki, 1.500 euroko amanda ondasun publikoen andeatzak egiteagatik, diru-kopuru horretatik 500 ordaintzeko beharrik gabe eta bertze 500 hatz-markak emateari uko izanagatik. Finean, 2.000 euroko amanda agindu du epaileak ekintzailearen kontra, horietatik 500 gibelapenarekin. Horretaz gain 1.268 euro ordaindu beharko dizkio Pirinio Atlantikoen Departamenduko Kontseiluari eragindako kalte materialengatik.
Audientzia-salan sartu aitzin, ekintzailearen aldeko elkartasuna eta hizkuntz eskubideen aldeko aldarria batu dituen ekimenarekin bat egin zuten dozenaka euskalzalek. 80 bat lagun bildu ziren. Nabarmentzekoa izan zen Etxepare lizeoko ikasleen presentzia.