Barakaldon, garbitzaile gisa kontratatutako emakume bat sexualki esplotatu dute
Gaur bikote bat atxilotu dute Barakaldon (Bizkaia), garbitzaile lanetarako kontratatu zuten emakume bat sexualki esplotatzea leporatuta. In Genero gobernuz kanpoko erakundeak egindako salaketa baten harira abiatu zuten ikerketa. Erakundeak prostituitzen direnekin eta giza salerosketaren biktimekin egiten du lan, eta susmoa zuen Bizkaiko udalerriko etxebizitza batean esplotazio kasu bat egon zitekeela. Agenteak bertaratu zirenean, "oso urduri" topatu zuten biktima, "antsietateak jota", eta zentro espezializatu batera eraman zuten berehala, artatzera. Guztira, 21 egun eman zituen emakumeak atxikita. Tarte horretan, bezeroekin babesik gabeko sexu harremanak izatera eta drogak hartzera behartu zuten. Bezeroek ordaintzen zuten zati handi bat eurentzat hartzen zuten atxilotuek, eta "huskeria bat" ematen zioten biktimari.
Era berean, Ertzaintzak 69 urteko gizon bat atxilotu du Muskizen, etxeko laguntzaile gisa kontratatu zuen emakume bati Ortuellan(Bizkaia) sexu-erasoa egitea egotzita. Erasotzaileak bere etxean hartu zuen EAEra iritsi berria zen emakumea, ustez, etxeko langile gisa lanetan aritzeko. Honek masajista itxurak egin zituen, eta masaje saio batean sexu erasoa egin zion emakumeari. Emakumeak salaketa aurkeztu zuen ertzain etxean, eta agenteek ustezko erasotzailea identifikatu zuten. Gizonak, bere aldetik, salaketa kentzeko hertsatu zuen biktima. Atzo guardiako epailearen aurretik igaro ostean, behin-behinean aske utzi zuen 69 urteko gizonezkoa.