lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 19/10/2024

Berakah parrokien programak familia bat etxegabetu nahi du Gasteizen

Alea
Auzoan Bizik salatu du urriaren 31n familia bat etxegabetzen saiatuko dela. Ez da lehen aldia Berakah-ren etxegabetzeak salatzen dituztela, izan ere, 2023an beste familia bat etxegabetu zuten.

Berakah-k, Santa Maria eta San Bizente Martiria parrokien gizarte ekintza programak, Gasteizko Alde Zaharreko familia bat etxegabetu asmo duela ohartarazi du Auzoan Bizi etxebizitza sareak. Joan den urtean abiatutako etxegabetze prozesu judizialaren epaia irten da, eta etxebizitza uztea agindu dio familiari, Berakah-k jarritako salaketaren harira.

Beraz, urriaren 31n etxegabetzea gauzatzekoa da Berakah. Hala ere, Auzoan Bizitik mobilizazioei adi egoteko deia zabaldu du, eta San Marcos kantoira gerturatzeko eskatuko duela aurreikusi daiteke. Oraindik ez dute deialdi zehatzik egin, baina Berakah-ri exijitu diote "etxegabetze hau eta datozen guztiak" bertan behera uzteko. Gasteizko Udalari ere eskatu diote "berehala" erantzukizuna hartu eta konponbideak emateko.

Etxebizitza saretik jakinarazi dute familia honek 2020. urteko Errege Dekretuaren zaurgarritasun baldintzak betetzen dituela, eta lege babesa beharko lukeela horregatik, baina epaitegiak ez die hala onartu, etxebizitzan erroldatua egotearen data Errege Dekretua indarrean sartu ostekoa delako. Apelazio errekurtsoa jarri zuen familiak, Auzoan Biziren laguntzaz, baina salatu dute Arabako Probintzia Auzitegiak etxegatzearekin aurrera jarraitzea erabaki duela.

Ez da lehen aldia Berakah-ren etxegabetzeak edo bestelako irregulartasunak salatzen dituztena. 2023an beste familia bat etxegabetu zuten, "irregulartasunez betetako prozesu judizial batekin", etxebizitza sareak adierazi duenez. Berakah programak familiak etxegabetzeko mekanismoak jartzen dituela ere salatu izan dute maiz: "argi mozketak, familiak modu iraingarri eta arrazistan tratatzea, xantaia eta mehatxuak egitea..."

Berakah-ren opakutasuna ere kritikatu du etxebizitza sareak. Gasteizko elizbarrutiaren laguntza du programak, eta Vital fundazioak finantzatzen du, dohaintza anonimoez gain. Baliabide eta programen kudeaketa "erabat pribatua eta asistentzialista" izatea leporatu diote Berakah-ri, "irizpide eta praktika erabat opakuak" izatea. Etxegabetzeak gelditzeko eta abusuak eta praktika arrazistak bertan behera uzteko exijitu dio Auzoan Bizik Berakah-ri.

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal