lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 20/11/2023

Beskoitzeko ikastolarentzat aterabide bat eskatu dute

Ekhi Erremundegi Beloki
Hamar urte prefabrikatuetan pasatu ondoren, eraikin sendo bat nahi dute, baina baldintza «arbitrarioak» inposatzen dizkiete.

Euskal Herri osotik etorritako 2.500 pertsona elkartu dira Beskoitzen (Lapurdi), herriko etxeak ikastolari ezartzen dizkion oztopoak salatzeko. Manifestazioa egin dute herriko karriketan, eta afixa bat kolatu dute herriko etxearen atean.

Duela hamar urte sortu zen ikastola Beskoitzen, Pirinio Atlantikoetako prefeturak ezarri nahi izan zizkien oztopoen gainetik. Hasieran guraso baten etxean, ondoren lur publiko batean ezarritako prefabrikatuetan, pixkanaka egin du bidea, 52 ikasle izatera iristeraino. Orain, eraiki sendo batera iragan nahiko lukete, baina herriko etxeak eraikitzeko baimena ukatu die.

Baldintza «arbitrarioak» inposatzen dizkietela salatu dute maiz: herriko etxeak eskatzen diena beteko balute, gaur egun duten eremu txikian sartu beharko lituzkete ikasgela, jantokia, kanpoko eremua eta aparkalekua. Ezinezkoa dela errepikatu dute behin baino gehiagotan.

«Beste herrietan herriko etxeek lagundu gaituzte aterabideak atzematen. Hemen, ez gaituzte laguntzen eta gainera trabak ezartzen dizkigute», deitoratu du Jorajuriak. «Haurrak prefabrikatuetan nahi dituzte, ikastola ez dadin garatu [...], euskararik eta ikastolarik ez baitute nahi. Eta gainerako guzia aitzakiak besterik ez dira».

Gurasoak ere mintzatu dira mobilizazio bukaeran, bizi dutenaren lekukotasuna emanez: «Onartuak izan gara, zoko batean mugaturik. Baina gure beharrak handitu direlarik, gure haurren baldintzak hobetu nahi izan ditugularik, orduan buru-belarri egin dute horren kontra», salatu du Julen Jauregik.

Azken hamar urteetan «eguneroko diskriminazioak» jasan dituztela deitoratu du. «Non ikusten da herriko etxe bat jantokira joateko eskola bati kuotak ezartzen dizkiona? Non ikusten da herriko etxe bat, jantoki erdi huts batean haur bat errefusatzen duena?». Auzapezaren eta bere taldearen «mespretxua» eta «argudio faltsuak» gaitzetsi ditu, eta Euskal Hirigune Elkargoko hautetsiei dei egin die bitartekaritza lana egin dezaten, «gure haurrak ez uzteko urte bat gehiago horrelako egoera batean».

Elkartasun oldea

Euskal Herri osoko euskaltzaleak elkartu dira Beskoitzeko ikastolako gurasoei babesa erakusteko, eta berotasun hori eskertu dute gurasoek. «Argi entzun dezatela agintariek: euskarari eta ikastolari eraso eginen dieten tokian, han egonen gara», egin du aldarri Nekane Artola ikastolen elkarteko lehendakariak.

Gurasoen jarrera goraipatu du Jorajuriak ere: «Jadanik ikastola txiki bat biziaraztea lan handia baldin bada, zer erranik ez herriko etxeak trabak ezartzen dituelarik», azaldu du. «Eguneroko lanei gehitu zaizkie bilkurak, prentsaurrekoak, elkarretaratzeak, banderolak, informazio orriak etxez etxe banatzea... sekulako lana egin duzue», aitortu die. «Gure haurrek merezi baitute, euskarak merezi baitu, ikastolaren alde borrokatzen segituko dugu».

Beskoitzeko ikastolarentzat aterabide bat eskatu dute | Gizartea | Berria

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal