Beste preso bat hil da Zaballako espetxetik ospitalera eraman eta gutxira

Salhaketak prentsa ohar baten bidez jakinarazi duenez, bizkaitar jatorria zuen J.J.H. presoak, 3. moduluan betetzen zuen zigorra. Pasa den astelehenean hil zen, kartzelan egunak zeramatzan osasun egoera larrian eta langile batek eskatu zuen presoa ospitalera eramateko. Hasiera batean ezezkoak jaso zituen baina behin eta berriz eskatu ondoren lortu zuen presoa ospitalera eramatea. Gau horretan bertan hil zen J.J.H.
Prentsa oharrean azaldu dutenez, narriadura kognitibo larria zuen presoak, eta zailtasunak zituen izenak eta aurpegiak ezagutzeko. Espetxeak berak onartzen zuen egoera hori zela eta ondorioz ia beti erizaintzan zaintzapean edukitzeko atera zuten modulutik. Haren senide hurbil bakarra, ahizpa nagusi bat zen, honek ere osasun arazoak ditu eta ez zegoen presoaren zaintzaz arduratzeko egoeran.
Hil aurreko egunetan, presoak alboetako mina eta odola gorotzetan erakutsi zituen, eta erori bat ere izan zuen. Bere moduluko kideei deigarria egin zitzaien ez zuela odolik isuri kolpearen ondorioz. Salhaketak jakinarazi duenez, gertatutakoa berreraiki ahal izan dutenak ez dira zentroko zuzendaritza ezta zerbitzu medikoak izan. Preso talde bat izan da gertatutakoa kontatu ahal izan dutena, hauek J.J.H.-ren zaintzaz arduratzen egon dira modu informal batean.
Salhaketaren hitzetan, datu horrek erakusten du espetxeen baitan zaintzak eta informazioak nola erortzen diren marjin txikiena dutenen esku, instituzioa isildu egiten den bitartean. Ez da komunikazio gabezi puntual bat, isiltasuna espetxearen egitura sostengatzen duen mekanismoa dela diote elkartetik. Gaineratu dute gizarteak espetxeen barruan gertatzen dena jakiteko eta eztabaidatzeko eskubidea duela eta harresien atzean gertatzen dena kanpoan gaudenon erantzukizun politikoa dela.
Salhaketak kontzentrazioa deitu du ostegun honetan, uztailak 30, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan 12:00etan gertakariak salatzeko.
Ez da kasu isolatua
Salhaketak salatu du ez dela kasu isolatua. Elkarteak jakinarazi duenez, 2021eko urritik, Eusko Jaurlaritzak espetxeen eskumena hartu zuenetik, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako espetxeetan gutxienez 11 preso hil direla “arrazoi ez naturalengatik”. Heriotza horietatik hainbat Zaballan gertatu dira.
Elkarteak salatu du “errepikatzen dena ez dela heriotza bera baizik eta inguratzen duen isiltasun instituzionala”. Horregatik, exijitu du Eusko Jaurlaritzak “komunikazio protokolo ofizial, argi, nahitaezko eta gardena” ezar dezan, eta fiskaltzak iker ditzala heriotza hauen atzean dauden “kausa errealak eta egiturazkoak”.







