lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 22/08/2023

Bilboko Konpartsak poliziaren indarkeria eta Bilboko Udalaren jarrera salatu dituzte

Bilboko Konpartsak
Konpartsek agerraldia egin dute gaur, lehiaketa gastronomikoan zegoen Aburto alkatearen aurrean igande gauean konpartsakide batzuek Bilboko Udaltzaingoaren eskutik pairatutako erasoa salatzeko.

Horrela dio gaur konpartsek irakurritako agiriak:

Bilboko Konpartsok polizia indarkeria eta Bilboko Udalaren jarrera salatu nahi dugu. Udalak eta udaltzaingoak derrigortu egin gaituzte jaigunearen, jai-ereduaren eta konpartsen kontra egindako eraso eta jazarpenak salatzera. Hilabeteak daramatzagu udalarekin hartu-emanetan jai emankor eta denon gozamenerakoak lortzeko, baina azken egunetako gertaerek elkarlana lausotu egin dute.

Iaz udalarekin izandako elkarreragina goraipatu bagenuen ere, aurten, egoera erabat aldatu da. Iazko Aste Nagusian gertatutako eta aurten sare sozialetan ikusi ditugun manteroenganako eraso polizialak ahaztu barik, salatu behar dugu, aurtengo Aste Nagusian, indarkeria hori jaigune osora eta konpartsakide guztiengana zabaldu dela.

Hasteko, jaietako lehen egunean txupinaren aurretik gertatutakoa salatu nahi dugu: txupinera, pregoilaria eta Jai Batzordea Arriaga antzokira sartzekotan zirela, euren motxilak arakatu eta txupinak bahitu egin zituzten, Arriagara sartu ziren beste hainbat lagun arakatu ez zituzten bitartean. Horren ondorioz, Jai Batzordeko bi kidek kanpoan geratu behar izan zuten, eta tentsio poliziala sortu zen.

Hurrengo goizean, udalak Bilboko konpartsok jaigunean kokatutako manteroen eta euskararen aldeko eta erasoen kontrako pankartak kendu egin zituen abisatu barik ere. Gertaera hori Bilboko eragile sozialen adierazpen askatasunaren kontrako eraso larritzat jo behar dugu. Horrez gain, goiz hartan bertan, SOS Arrazakeriak elkarteak adierazi zigun udaltzaingoak bi manterori euren lan-tresnak kendu egin zizkiela. Jokabide horiek argi azaltzen dute udalaren ildotk kanpo dauden espazioak ez dituztela onartzen.

Hori nahikoa ez dela, igande gauean, udaltzainen bortizkeriaren dimentsio berri bat pairatu behar izan genuen jaigunean. Federazioaren parte den Kranba txosnaren alde batean bi mozkor txiza egin ari zirela, Kranbako konpartsakide batzuk gerturatu zitzaizkien, txosnaren esparrua errespeta zezaten eskatzeko. Eskaera horren aurrean, txiza egiten ari ziren pertsonak oldartu, eta konpartsakideei eraso egin zieten. Horrek liskarra piztu, tentsioa sortu eta gure konpartsakideak defendatu behar izan ziren erasoaren aurrean. Erasotutako konpartsakideek, gainera, mehatxuak jasan zituzten: “cuando esté de uniforme te voy a hacer la vida imposible, y cuando no, te voy a matar” eta “como toques a mi novio te mato”. Momentu horretan, mehatxugileetako batek zerbitzuz kanpoko poliziatzat identifikatu zuen bere burua, eta segituan, 30 bat udaltzainek konpartsakideak inguratu zituzten kolpeen artean, hasierako erasotzaileek ihes egin zuten bitartean.

Azkenean, istiluen kontrako materialez hornitutako poliziek konpartsakideak inguratu, identifikatu eta kalean geldirik eduki zituzten ordu erdi baino gehiago. Hori gutxi balitz, konpartsakideen abokatua heldu zenean, hura identifikatu, eta ez zioten konpartsakideengana gerturatzen utzi. Udaltzainetako batek, hala ere, Kranbako kideei onartu zien ezin zuela sinetsi konpartsakideen kontra erabilitako indarkeria polizialaren neurrigabekeria. Mozkor batekin hasi zena jai gunearen kontrako eraso bilakatu zen.

Ekintza horiek guztiak ezin dira modu isolatuan ulertu. Ekintzen konkatenazio batetik urrun, jazarpen horien atzean, jai eredu herrikoi, parte hartzaile, feminista eta euskaldunaren aurkako estrategia politiko zehatz bat ezkutatzen da.


Aburto, entzun:

-Noiz arte jarraituko dugu polizia indarkeriaren aurrean inpunitatea onartzen? Eraso hauen aurrean erantzunik egongo al da?
-Bilboko Konpartsok denontzako leku aski segurua eraikitzeko gai gara, eta ez dugu zuen mehatxurik edo jipoirik onartuko.
-Herritik sortu ginenez eta herriaren zerbitzura gaudenez, Bilboko Konpartsetako kideok Aste Nagusia defendatzen jarraituko dugu, eta herriaren eta gure baloreekin lerrokatutako ekintzak eraikitzen jarraituko dugu, Udalaren jarrera edozein dela ere.

-Hori dela eta, bilbotar guztiei eskatu nahi diegu, edonolako erasorik jasaten badute, Bilboko Konpartsen aurrean salatu dezaten, herria eta jai herrikoiak elkarrekin defenda ditzagun.

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal