Borrokan jarraitzen dute Tubos Reunidoseko langileek
Milaka lagun mobilizatu ziren ostiralean Amurrion, Tubos Reunidoseko eta Maderas de Llodioko langileek batera deitutako mobilizazioan. Era berean, egun osoko greba egingo dute gaur.
Milaka lagun mobilizatu ziren ostiralean arratsaldean Amurrion, Tubos Reunidos eta Maderas de Llodioko Enpresa Batzordeek SOS Aiaraldearekin batera deitutako mobilizazioan. Kider paretik abiatu ziren Amurrioko hodi fabrikako langileak, eta San Jose auzoko biribilgunean elkartu ziren 156 egun greban bete dituzten Laudioko grebalariekin.
Aiaraldeko bi enpresetako langileek salatu zuten azken urteetako enpresen itxierak eta kaleratzeak “lapurreta” direla, langileek sortutako aberastasuna funts putreen eta akziodunen esku geratu delakoan. Erakunde publikoen jarrera kritikatu zuten, eta benetako neurriak eskatu zituzten. Halaber, mobilizazio berrietara eta martxoaren 17ko greba orokorrera batzeko deia egin zuten, enplegu duina eta eskualdearen etorkizuna defendatzeko.
301 kaleratze guztira. Hori da Tubos Reunidosek otsailaren 9an aurkeztutako Enplegua Erregulatzeko Espedientearen dimentsioa. Iturri sindikalen arabera, 274 pertsona kaleratu nahi dituzte Amurrion eta 27 Trapagan. Enpresaren asmoa da altzairutegia gelditzea eta 2027an ixtea, mantenua kanporatzea eta logistika azpikontratatzea. Gauzak horrela, enpresarekin bilera dagoen data orotan (otsailak 23 eta 26an eta martxoak 4 eta 9an) egun osoko grebak deitu dituzte eta gainerako egunetan lau orduko lanuzteak egiten ari dituzte txanda bakoitzeko.
(Irudia:Aiaraldea.eus)







