lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 28/05/2024

CCC enpresaren 50 langile kalean geratzeko arriskuan daude

Irutxuloko Hitza
Donostiako egoitza Madrilek xurgatuko du eta, hala, langileak Espainiako Estatuko hiriburura lekualdatzera behartu dituzte edo kaleratuak izango dira.

Donostiako CCCren egoitzan haserrea agerikoa da, Madrilek xurgatu baitu Gipuzkoako hiriburuko lan guztia. Duela hiru urte, Grupo Crescendo deituriko inbertsio funtsak bereganatu zuen Donostian 85 urtez errotuta egon den egoitza. Geroztik, Donostiako lan zentroaren hustutzea pairatu behar izan dutela adierazi dute langileek:”Oinarrizko sailak (ikasleari arreta, informatika, kontabilitatea, marketinga eta arlo komertziala) Madrilera eraman dituzte”.

CCC urruneko irakaskuntza eskaintzen duen enpresa bat da, 1939an Donostian sortua. Egun, Zuatzun dute egoitza, eta ibilbide luzeko enpresa osatzen duten arren, bertako 50 kalean utziko dituztela salatu dute LAB eta CCOO sindikatuek ohar baten bidez. Adierazi dutenez, Langileen Estatutuko 40.2 artikuluan arautzen den mugikortasun geografiko prozedura bat abiatu dute, eta uda hasierarekin egungo lan zentroa orain arteko bidetik deslotuko dute, Madrilera eramanda.

Egoera are okerragoa da lekualdatu ezin daitezkeen horientzako: “Askotariko egoera pertsonalak egonda ere, agerikoa da 500km-ra norbera eta ingurukoak lekualdatu behar izatea astakeria bat dela”, baieztatu dute sindikatuek egindako oharrean. Erabaki hori urteetako baldintza txarren ostean datorrela baieztatu dute langileek: “Enpresak aurrera egin ahal izateko, promesa faltsuak sinetsi izan ditugu eta, besteak beste, 12 urtez soldata igoerarik gabe egon gara”. Era berean, lankideak ez kaleratzeko helburuarekin, euren nominak %30 murriztu izan dituztela salatu dute.

Bi sindikatuek, bestalde, enpresaren jarrerarekin kezkatuta agertu dira, lekualdaketa legezkoa den arren, gardentasun falta salatu baitute: “Hemendik aurrera, dugunarekin, negoziaketari fede onez aurre egin beharrean gaude”. Atzera kontaketa martxan dutela, mobilizaziora deitu dute langileek. Hala, maiatzaren 27, 28 , 29, 30 eta 31n, Zuatzuko egoitzaren parean elkarretaratzeak egingo dituzte —8:00etatik 9:30tara eta 16:00tatik 17:00tara—. Maiatzaren 31n, halaber, udaletxe aurrealdean bilduko dira (18:00) kaleratzeak salatzeko.

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal