lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 25/01/2026

Donostiako familia baten etxegabetzea salatu du Saretxek

Irutxuloko Hitza
"Hiru kidez osaturiko familia bat etxegabetu dute: ama bat eta bere bi seme-alabak, horietako bat adin txikikoa”, salatu dute.

Saretxe etxebizitza sindikatuak elkarretaratzea egin zuen ostiralean, Inmobiliaria Vascongada higiezinen agentziak Grosen dituen bulegoen aurrean. “Hiru kidez osaturiko familia bat etxegabetu dute: ama bat eta bere bi seme-alabak, horietako bat adin txikikoa”, salatu dute.

Bi hilabeteko errenta atzerapenagatik helegitea jarri zioten familiari. Ordea, zorra ez zuen familiak sortu, Saretxek azaldu duenez: “Etxean bizi ez zen beste pertsona batena zen zorra. Horrela ere, familiak bere gain hartu eta ordaindu zuen. Prozesu judiziala hasi zenerako zorra kitatua zegoen arren, aurrera jarraitu zuen prozesuak. Gainera, familiaren ezjakintasuna baliatuta, funts putrearen abokatuak etxegabetzea bertan behera utziko zuela adierazi zion familiari. Hori horrela, epaiketara ez zen inor aurkeztu, eta epaileak berak erabaki du etxegabetzearekin aurrera egitea”.

Egoera horren aurrean, familia hori Saretxerekin jarri zen harremanetan. “Suspentsioa eskatu bazen ere, epaitegiak ez du onartu, alokairu kontratuak dituen irregulartasunen ondorioz. Hori dena gutxi balitz, bitartean Inmobiliari Vascongadarekin harremanetan egon gara eta etengabe kontratu berri baten promesa egin digute, inoiz bete ez dutena”, gaitzetsi dute.

Hilabeteetako “erresistentzia eredugarriaren” ondoren, aurreko astean etxebizitza alternatiba bat lortu zuten. “Isilpeko kaleratzeak nagusi izan dira orain arte Donostiak Azorarekin duen gatazkan, eta hau ere horren adibidea da. Gure ardura, etxebizitza sindikatu gisa, hau ikusarazi eta salatzea da. Funts putreak, espekulatzaileak diren heinean, eskura dituzten tresna guztiak erabili ditu urte hauetan auzotarrak kaleratzeko: izan alokairuak igoz, izan zuzenean epaitegietara joz. Baina beti jabetza pribatuaren defentsan eta etxebizitza eskubidearen kalte”, nabarmendu du sindikatuak.

Errealitate horren aurrean, Saretxek dio ez dituela isilpeko etxegabetzeak onartzen, eta ez duela etxegabetze bat bera ere gertatzerik nahi. “Ez ditugu normalizatuko, eta hauen aurrean, ez gara isilik geratuko”, esan dute. Ildo horretatik, oraindik sindikatuko bi familien aurkako etxegabetzeak gelditzeko “bide luzea” dutela diote: “Urteetako ibilbideak erakutsi digu borrokatzeak bere fruituak ematen dituela; eta esperientzia honek, soilik antolakuntzaren bitartez lortzen dela etxegabetzeak gelditzea”.

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal