EH Bilduk Ertzaintzaren aurka Amurrion agertutako margoketak gaitzetsi ditu

Igande goizaldean, ezezagun batzuek “Zipaio muerto” zioen pintaketa egin zuten Udaltzaingoaren komisariaren aurrean. Egun berean, udalerriko beste leku batean, “zipaio” hitza diana baten barruan agertzen zen beste margoketa bat ere azaldu zen.
EH Bilduk Amurrion agertutako margoketak gaitzetsi ditu. "Gure udalerrian zoritxarrez errepikatzen ari diren horrelako ekintzek ez dute ordezkatzen Amurrioko herritarren gehiengoaren iritzia, eta ez diote ekarpenik egiten udalerriko bizikidetzari", jasotzen du alderdiko oharrak.
ESAN polizia-sindikatuak ere salatu ditu margoketak. Ertzaintzako sindikatuak "gaitzespen osoa" adierazi nahi izan du Amurrioko gertakarien aurrean. Polizien ordezkarien iritziz, "Ertzainen heriotza eskatzea ez da pintaketa soil bat, ezta inolako transzendentziarik ez duen ekintza bandaliko bat gehiago". Kontrara, Esanen aburuz, Amurrion agertutako margoketa "euskal polizien aurkako bortizkeria legitimatzen duen mezua da". "Euskadiko segurtasuna bermatzen duten horiek deshumanizatzeko saiakera" dela gaineratu dute.
Azkenik, Amurrioko Udal Gobernua osatzen duten EAJ eta PSE-EE alderdiek ohar bateratua kaleratu dute herrian agertutako pintaketak "irmoki" arbuiatzeko. "Ekintza bandalikotzat" jo dituzte pintaketak; eta, ondare komuna hondatzeaz gain, "konfrontazioa erein" egiten dutela salatu dute.







