Ehundaka pertsona oroitu dute Aitor Zabaleta


Ehundaka lagun elkartu ziren atzo Aitor Zabaletaren omenez eta faxismoaren aurka, Bultzada Txuriurdinak antolatutako manifestazioan. 25 urte bete ziren atzo faxista batek Aitor Zabaleta realzalea hil zuenetik, eta hura gogoan, 19:00etan Bulebarretik abiatu zen manifestazioa. Realzaleak ez ezik, beste talde batzuen jarraitzaileak ere izan ziren bertan, esaterako Euskal Herriko hintxa talde nagusiak Iraultza, Herri Norte eta Indar Gorri, baina beste lurraldetako jarraitzale antifaxistak ere bertaratu ziren, adibidez Galiziako Riazor Blues edo Gazteluko Resaca Castellana. Futbolaz aparte hainbat eragile manifestazioarekin egin zuten bat, hauen artean Jardun Koordinadorak eta beste biktima batzuk ere izan zituzten gogoan; Iñigo Cabacas, esaterako. Manifestazioaren amaieran, lore eskaintza bat egin zioten Aitor Zabaletari Bulebarrean.
1998ko abenduaren 8an, Madrilen erail zuten Zabaleta, Atletico Madrilen eta Realaren arteko UEFA kopako kanporaketako neurketa ikustera joan zenean. Vicente Calderon estadioaren kanpoaldean, faxista batzuk oldartu egin zitzaizkion, eta oldarraldi horretan, faxistetako batek, Ricardo Guerrak, labankadaz hil zuen Zabaleta.
Realak hilaren 17an jokatuko du Anoetako hurrengo partida, Betisen aurka, eta aurretik omenaldia egingo diote Zabaletari, estadioaren kanpoaldean, 15:30ean. Bertsolariak, musikariak eta Zabaletaren lagun eta senide batzuk egongo dira omenaldian.