Eibarko Gaztetxearen desalojoa salatu dute hamarnaka herritarrek

Ertzaintzak Eibarko Gaztetxea hustu zuen atzo goizean, Txontako urbanizazio-proiektuari lotutako operatibo batean. Eibarko Gazte Asanbladak salatu du desalojoa “inolako aurreabisurik eta kaleratze agindurik gabe” egin dela, eta arratsaldean dozenaka herritar mobilizatu ziren gaztetxearen alde.
Goizeko 11:00ak aldera joan ziren Ertzaintzaren hainbat patruila Iparragirre kalera, Eibarko epaitegiak agindutako hustuketa egitera. Operatiboan Amenabar enpresako ordezkariak ere izan ziren. Gaztetxearen ingurua itxita mantendu zuten hainbat ertzainek, eta ez zieten bertatik pasatzen utzi ez gaztetxeko kideei, ez inguruko bizilagunei ere. Une batean, lau laguni barrura sartzeko baimena eman zieten materiala ateratzeko.
Gazte Asanbladaren abokatuaren arabera, desalojo agindua erakustea eskatu dute behin eta berriz, baina ukatu egin diete. Haren esanetan, prozedura judizialaren zenbakia baino ez dute lortu, espedientea aztertu ahal izateko. Epaitegiko langileek aurrez jakinarazpenak egin direla adierazi dieten arren, gaztetxeko kideek diote ez dutela inoiz halakorik jaso. Operatiboak iraun zuen bitartean, gaztetxearen sarreretako bat adreiluz ixten hasi ziren. Gainera, poliziak lau pertsona identifikatu zituen inguruan, eta horietako bati isuna jarri zioten.
Arratsaldean, desalojoa salatzeko manifestazioa egin zuten herrian. Untzaga plazatik abiatu eta gaztetxeraino joan ziren hamarnaka gazte eta herritar. Mobilizazioan hainbat aldarri entzun ziren, tartean “Herri bat, gaztetxe bat!”, “Gaztetxeak defendatu!” eta “Okupazioa delitua bada, gora delinkuentzia!”.
Manifestazioaren amaieran, Gazte Asanbladako ordezkari batek adierazi zuen gaztetxeak “gazteek euren interesak defendatzeko eta antolatzeko espazio bat” izaten jarraituko duela, eta borrokan segitzeko asmoa berretsi zuten: “Argi dugu: Eibarko Gaztetxeak aurrera jarraitzen du”.
Eibarko Gaztetxearen desalojoa salatu dute hamarnaka herritarrek — eta kitto! euskara elkartea







