lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 21/07/2026

Elkartasuna adierazi diete Munduko Kopako finalaren egunean atxilotutako lagunei

La Haine - Euskal Herria
Espainiar probokatzaileei erantzuteagatik 4 lagun atxilotu zituzten Gasteizen, eta, hainbat eragile salatu dutenez, atxilotutako pertsonek "irainak eta tratu txarrak" jasan zituzten Ertzaintzaren eskutik.

Uztailaren 19an, milaka herritar atera ziren kalera Euskal Herrian Euskal Selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeko. Hala ere, mobilizazioak jazartzen jardun zuten indar errepresiboek: Kargak izan ziren Bilbon, Gasteizen eta Donostian. Gainera, bost pertsona atxilotu eta beste 22 identifikatu zituzten.

Haiekin elkartasunez, elkarretaratze bat izan zen atzo Gasteizen: jende ugari mobilizatu zen "Elkartasuna atxilotuekin. Espainiar asimilazioaren aurka!" lelopean. Antolatzaileen arabera, gertatutakoa poliziaren "jarrera autoritario eta arbitrarioaren" adierazgarri da, eta atxiloketak "helburu politikoekin" egin direla salatu dute.

Komunikatuan azaldu zutenez, Espainiako banderak erabiliz Euskal Selekzioaren alde manifestatzen ari ziren herritarrak "probokatzen eta mehatxatzen" hasi ziren hainbat pertsona, eta horren ondorioz Poliziak "atxiloketa arbitrarioak gauzatu ahal izateko" testuingurua sortu zela adierazi zuten.

Era berean, Gasteizko Udalaren jokabidea ere kritikatu zuten: Salatu dute alkateak Espainiako selekzioaren elastikoa jantzita agertzeak eta Euskal Selekzioaren aldeko mobilizazioaren aurretik Polizia bidaltzeak "hirikideen arteko tentsioa areagotu" zuela. Halaber, adierazi dute atxilotutako pertsonek "irainak eta bestelako tratu txarrak" jasan dituztela Ertzaintzaren eskutik. 

Azkenik, nabarmendu dute ez dutela onartuko "Euskal zaleen kontra oldartzen diren" egoerak normalizatzea, eta herritarrei dei egin die atxilotuen aldeko elkartasuna adieraztera eta gertatutakoaren salaketa publikoarekin bat egitera.

 

Contactar con La Haine

 

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal