Erantzun antifaxista jaso dute Nucleo Nacionaleko kide batzuk Bilboko Alde Zaharrean

Nucleo Nacional (NN) talde neonaziaren parafernalia zeramaten gizon bat eta emakume bat Bilboko alde zaharrean egon ziren joan den larunbatean, baina zenbait antifaxistaren erantzun aurkitu zuten parez pare. Kontrainfo Antifa ekimenaren arabera, bi elementuek presaka ihes egin behar izan zuten Somera kaleko taberna batetik, borra hedagarri bat atera ostean. Ondoren, gutxienez pintada nazi bat agertu zen inguruko mural antifaxista batean, baina auzoko jendeak ezabatu zuen.
Hau ez da Nucleo Nacionaleko naziek erantzun antifaxista jasotzen duten lehen aldia. Talde faxistak asmoa zuen urtarrilaren 10ean egoitza berri bat aurkezteko Bartzelonan(Herrialde Katalanak). Antolakunde antifaxistek, ordea, berehala deitu zuten mobilizatzera. NNk adierazi zuen aurreko egunean jakinaraziko zuela zehazki non izango zen aurkezpena, 24 ordu lehenago; baina, azkenean, ekitaldia baino ordu eta erdi lehenago eman zuen kokapenaren berri. Erantzun antifaxistari beldurrez, naziek haur-jolasetarako lokal bat hartu behar izan zuten, Bartzelonatik 40 kilometrora dagoen industrialde batean.
Hilabete horretan bertan beste erantzun antifaxista bat jaso zuten Santiago de Compostelako alde zaharrean. Talde faxistako kide batzuk propaganda arrazista banatzen ari ziren Galiziako hiriburuan, piperbeltz gasarekin armaturik, harik eta antifaxista batzuekin topo egin zuten arte. NNko lau faxista artatu behar izan zituzten larrialdietan erantzun antifaxistaren ondorioz.







