Errenteriako Papresan lanuzteak, enpleguaren defentsan

Errenteriako (Gipuzkoa) paper fabrikako zuzendaritza enpresa saltzea aztertzen ari da, eta lantaldearen erdia kalera joatea eragingo luke horrek. Urtarrilaren 17an prentsan argitaratu zuten egungo zuzendaritza enpresaren salmenta, makina produktibo baten gelditzea eta 110 langileri eragingo liekeen Enplegu Erregulazio Espedientea aplikatzea aztertzen ari zela. Ezjakintasun horren aurrean, langileek lanuzteak egingo dituzte otsailaren 17an, 20an, 24an eta 27an, 12:00etatik 16:00etara.
“Onartezina iruditzen zaigu Papresaren enpleguari eta etorkizun industrialari zuzenean eragiten dioten erabaki garrantzitsuak prentsari jakinaraztea, langileen legezko ordezkariekin elkarrizketak hasi aurretik”, adierazi dute Papresako Enpresa Batzordeak zabaldutako prentsa oharrean.
Erosleak ez du Papresa lantegia osorik erosi nahi, erdia baizik. Hor dago arazorik handiena. 220 langile ditu guztira Papresak, eta bi ekoizpen lerro: prentsako papera ekoiztekoa eta kartoia ekoiztekoa. CL Group enpresak kartoia ekoizten duen lerroa soilik erosi nahi du. Hortaz, operazioarekin aurrera egiteko, papera ekoizten duen lerroko langileak kaleratzeko asmoa erakutsi du Papresak.
Langile batzordeak CL Grupori dei egiten die erantzukizunez joka dezaten, eta “egiazko informazioa” eta “elkarrizketa prozesu erreala” bultzatzea. Honela, Papresaren enplegua eta bideragarritasuna bermatu ahalko dute. Langile guztiak animatu dituzte lanuztearen alde egitea eta mobilizazioetan aktiboki parte hartzea.







