Errepresioaren aurkako manifestazioa deitu dute Baionan

Antolatzaileek salatu dutenez, militantzia politikoarekin lotutako jarduerengatik jasandako errepresioak bederatzi auzi eta 31 auzipetu utzi ditu Ipar Euskal Herrian. Haien ustez, azken urteotan mugimendu politiko eta sozialetako militanteek pairatzen duten errepresioa ez da soilik zigorrak ezartzera mugatzen. Nabarmendu dute kontrol poliziala gero eta handiagoa dela, eta honakoak aipatu dituzte: zelatatzea, kamera bidezko zaintza, telefono bidezko komunikazioen kontrola eta DNA laginak lortzeko egiten den presioa, besteak beste.
Oro har, Euskal Herrian ez ezik, Frantzian, Europan eta mundu osoan ere errepresioa eta indarkeria poliziala "nabarmen" handitzen ari direla ohartarazi dute. Horren harira, errepresio politikoa jasan duten militante guztiei elkartasuna adierazi diete prentsaurrekoan bildu ziren kolektiboek.
Haien iritziz, errepresioaren areagotzea kapitalismoak eragindako "krisi sozial, kultural eta ekologikoaren testuinguruan" ulertu behar da. Gaineratu dute Europako estatuetan gero eta ageriagoak direla joera autoritarioak, "oligarkiaren interesak babesteko". "Oligarkiak ideologia arrazistak, faxistak eta matxistak hedatzen ditu gizartean", azaldu dute. Horrek, herri eta nazio zapalduen arteko elkarlana zailtzeaz gain, gizartean "gatazka eta etsaitasuna" sustatzen dituela salatu dute.
Testuinguru horretan, "injustiziarik gabeko" gizarte baten alde lan egiteko deia egin dute kolektibo guztiek. Maiatzaren 16ko manifestazioa ahalik eta jendetsuena izatea nahi dute, errepresio politiken aurrean "elkartasunez eta borrokaren bidez" erantzuteko.







