Ertzaintza eta Eusko Jaurlaritza “sionismoaren konplize” direla salatu dute Bilbon

Mobilizazio jendetsua egin dute igandean Bilbon, Global Sumud Euskal Herria ekimenak eta Palestinarekin Elkartasuna plataformak deituta. Plaza Eliptikotik hasita, Bilboko kale nagusiak zeharkatu dituzte Arriaga plazaraino, Ertzaintza eta Eusko Jaurlaritza sionismoaren konplize! Sionismoa suntsitu, Palestina askatu! lelopean. Ertzaintzak larunbatean Loiuko aireportuan izandako jarrera gogor kritikatu, eta Eusko Jaurlaritza ekintzen erantzule eta sionismoaren konplize gisa seinalatu dute.
Bezperan, Israelgo armadaren eskuetan lau egunez bahituta eta tratu txarrak jasan eta gero, Global Sumud Flotilla ekimeneko euskal herriko kideak Loiuko aireportura ailegatu ziren. Ertzaintza gogor oldartu zen haien eta haien senideen aurka, eta hainbat lagun zauritzeaz gain, lau pertsona atxilotu zituen. Irudiek munduari buelta eman diote.
Manifestazioan zehar, aurretik zihoazen polizia-patruilei txistuak jo dizkiete manifestariek, eta protesta mezu ugari oihukatu dituzte: "Boicot Israel, Palestina askatu", "EAJ, sionista" edo aurreko egunean aireportuan izandako Poliziaren esku hartzeari lotutakoak.
Arriaga antzoki pareko plazan amaitu dute martxa, bertan prentsaurrekoa eskaintzeko. Hala hasi dute irakurketa: “Lehenik eta behin, mila esker zipaioei atzo eskaini zizkiguten irudiengatik. Irudi horiek berez hitz egiten dute eta egin genezakeen edozein adierazpen baino argiagoak dira”. Aipatu dutenez, aurretik aireportuan egin dituzten ongietorrietan ez da inolako arazorik izan, horregatik “ez da, noski, inolako kasualitatea, Ertzaintzarik egon ez denean ez dela arazorik egon aireportuan”. Deitzaileen arabera, beraz, Poliziak "elkartasuna moztu nahi izan zuen", eta horrengatik erantzukizunak eskatu dituzte. Halaber, halako esku hartzeak “ez normalizatzeko” deia egin dute.
Ondoren, Ertzaintzaren eta Israelen arteko lotura ekonomiko eta enpresarialak seinalatu dituzte, Verint Systems edo Excem enpresak jopuntuan ipinita. Norabide berean, Gorka Peñagarikanok goizeko buletinean aipatu du, Ahoztar Zelaieta kazetariaren hitzak jasoz, Loiuko aireportuaren segurtasun zerbitzuak I-SEC enpresak eramaten dituela, Israelgo ICTS enpresaren menpekoak.
Irakurketan nabarmendu dute poliziaren jokabideak “Israelen benetako izaera faxista eta haren disoluzioaren beharra” erakusten duela. Eusko Jaurlaritzaren ardura ere seinalatu dute, “sionismoaren konplize izan delako Israelek egindako torturei jarraipena emanez, lehendik ere nahikoa ez bazen”. Hitzartzearekin amaitzeko, Palestinako herria jasaten ari den sarraskiari aurre egiteko indarrak batzera deitu dute.







