Ertzaintza handitu eta 8.000 polizia nahi ditu Jaurlaritzak 2030erako


8.000 ertzainen kopurua Espainiako Gobernuak ezarri zuen Jaurlaritzarekin batera, duela 20 bat urte oraindik ETA indarrean zela. Egoera asko aldatu bada ere, orduan ezarritako ertzain kopuru horri heldu nahi diote. Europan biztanleko polizia kopuru handienetakoa duen lurraldea da Euskal Herria, eta neurri honek are gehiago handituko luke proportzioa.
Aurreko legegintzaldian, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu zela, protesta ugari egin zituzten hainbat ertzainek, besteak beste, euren lan baldintzak hobetzea eta Erkoreka kaleratzea exijitzeko. Jaurlaritzaren eta Ertzaintzaren arteko tentsioak nabarmen egin zuen gora, baina 2024ko apirilaz geroztik Segurtasun Sailaren buru Bingen Zupiria denetik, itxura du egoera baretzen ari dela pixkanaka-pixkanaka.
Martxoan ertzainei urteko soldata gutxienez 4.200 euro igotzea adostu zuten Lakuak eta ertzainen sindikatu nagusiek –ordezkaritza sindikalaren %83 duten ERNE, ESAN eta SIPEk–. Gobernu Kontseiluaren ostean asteartean eginiko prentsaurreko batean, berriz, Zupiriak iragarri du bigarren negoziazio mahaia irekiko duela Ertzaintzarekin 2030erako 8.000 agente izateko. ERNE, ESAN, SIPE eta EUSPEL sindikatuei erakutsiko die Ertzaintzako Enplegu Plan berria, Ertzaintzaren Kontseiluan.
Segurtasun Sailaren datuen arabera, 2024aren amaieran 7.278 ertzain zeuden Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Zupiriak azaldu du Ertzaintzako Enplegu Plan berriak egungo ertzain kopurua areagotzeaz gain, hurrengo urteetan erretiroa hartzea aurreikusita duten agenteen –300 inguru– hutsuneak betetzea xede duela. Horretarako, Jaurlaritzak lan eskaintza publiko gehiago egin beharko dituela aurreratu du Segurtasun sailburuak. Hain zuzen, martxoan agenteen kopurua handitzeko deialdi erraldoi bat iragarri zuten Ertzaintzak eta Udaltzaingoak: Ertzaintzarako 473 postu eta 22 herritako udaltzaingoetarako 170 postu barne hartuko lituzke eskaintzak, Zupiriak adierazi zuenez "Polizia egungo gizarteak planteatzen dituen erronketara prestatzeko".
Arkauteko akademiaren papera
Jaurlaritzak gauzatu nahi duen "Ertzaintzaren egitura hobetze eta modernizatze" prozesu horretan, Arkautiko (Araba) akademiak "berebiziko garrantzia" izango duela adierazi du Segurtasun sailburuak: "Bai sartuko diren berrien prozesuetan, bai mailaz igotzeko eta espezializazioko prozesuetan ere". COVID-19ak eragindako pandemia zela eta galdu zen Arkautiren barnetegi formatua berreskuratu nahi du Jaurlaritzak, "konfiantza eta kohesioa" sortzeko.
Ertzaintzara batuko diren langile guztiak ez dira ertzainak izango, Zupiriak medikuentzako nahiz teknikarientzako lan eskaintzak egiteko aukera mahi gainean jarri baitu, Ertzaintzaren baitan lan jakin batzuk egin ahal izateko.
Ertzaintza handitu eta 8.000 polizia nahi ditu Jaurlaritzak 2030erako