Ertzaintzak bukatu du Azpeitiko gertakariengatik abiatutako ikerketa


Ertzaintzak larunbatean jakinarazi zuenez, amaitu du uztailaren 20an, Gaztetxearen urteurren ospakizunen bueltan, hainbat gazteren, Azpeitiko Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren artean izandako istiluei lotutako ikerketa. Guztira, ikertu gisa, 23 pertsona identifikatu dituela adierazi du, eta horiez gain, 16 urteko herritar bat atxilotu duela. 23 horietako azken biak, biak ere 18 urtekoak, azken egunotan identifikatu ditu Ertzaintzak, eta denei ere istilu horietan parte hartzeagatik desordena publikoa eragitea eta agintaritzaren agenteen aurkako atentatua egozten dizkie. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, ikerketa amaituta, Ertzaintzak epaitegira bidali ditu dagozkion polizia eginbideak. Horrenbestez, hemendik aurrera, epailearen esku geldituko da kasua.
Uztailaren 20an, goizaldeko 04:00ak aldera, Azpeitiko Gaztetxearen ondoan jazo ziren gertakariak, gazte batek pilen edukiontzi batean ACAB leloa [All Cops Are Bastards edo "Polizia guztiak sasikumeak dira"] idatzi eta identifikatzeko eskatu eta isuna jarri zioten udaltzainek. Orduan, hainbat gazte "euren desadostasuna adieraztera" gerturatu ziren agenteengana, baina udaltzainek Ertzaintzari eskatu zioten laguntza. Ertzainek, berriz, kalea itxi eta patruila gehiago bidali zituzten. Orduan hasi ziren istiluak, ertzaintzaren agenteak agertu zirenean, eta pertsona bat atxiki zuen Ertzaintzak; aske utzi zuten gero. Gertakari horiek "gogor" salatu zituen Azpeitiko Gaztetxeak, sare sozialen bidez. Gaztetxearen hitzetan, polizia izan zen egun hartan, "pintaketa bat aitzakiatzat hartuta", gazteen aurka "oldartu" zena eta Gaztetxearen urteurreneko festa "zapuztu" zuena. Gazte horien aurkako ikerketak bertan behera uztea ere eskatu zuten, eta "komunikabideen eta alderdi politikoen kriminalizazio saikaeraren" aurkako jarrera adierazi. Bestalde, kalez jantzitako poliziek gazte bati, "informazioa ateratzeko asmoz kolaborazio eskaerak" egin izana ere salatu zuen Gaztetxeak.