Ertzaintzak gizon bat isundu du matrikulan 'EH' jartzen duen pegatina ipintzeagatik
Irailaren 16an, Ertzaintzak pertsona bat geratu zuen kontrol batean, Bergarako ordainlekuan. Pertsona honi bi isun jarri zizkioten egun horretan, eta guztira, 400 euro ordaintzera zigortu nahi dute. Arrazoia matrikulan EH jartzen duen pegatina itsatsita izatea da. Autoen matrikulek hura nongoa den identifikatzeko hizki bat eramaten dute Europako banderaren gainean: E bat Hego Euskal Herrikoek eta F Ipar Euskal Herrikoek. Alabaina, zenbaitek horiek estaltzea erabakitzen dute.
Antzeko kasuak gertatu izan dira; azkenean, baina, 2022an, Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak gutun bat bidali zion autoan GZ letrak edukitzeagatik zigortutako galiziar bati, eta adierazi zioten isunak kenduko zizkiotela, hark egindakoa ez zelako zigortzeko modukoa legearen arabera. Izan ere, legeak zehazten du ezin direla matrikulan jarri hura «irakurtzea edo identifikatzea galarazten edo zailtzen duten oztopoak». Kasu hartan, Madrilek ebatzi zuen ez zela halakorik gertatzen.
Isundutako pertsona Berria hedabideari azaldu zioenez Ertzaintzak jarrera desegokiarekin jokatu zuen: “Esan zidaten: 'Matrikula aldatu duzu'. Hasi ziren esaten hori ezin zela egin, eta nik esan nien ez dela ilegala, badaudela aurrekariak, eta beraiek ezetz, segituan kentzeko, 200 euroko isuna jarriko zidatela bestela. Momentuan kendu nuen, baina esan nien legeak ez zuela debekatzen’’. Ondoren isudutako pertsona esan zion: 'Isuna jartzera bazoaz, euskaraz jartzea nahi dut', eta Ertzaintzak erantzun zuen erdaraz egina zuela, eta isunak horrela egiten dituela, hala ere, berriro eskatu zion euskaraz jartzeko, eskubidea zuela. Ertzaintzaren erantzuna hau izan zen: “A, bai? Ados. Orduan, aurreko matrikulagatik ere isuna jarriko dizut, hura euskaraz. Ondo?”. Isundutako pertsona salatu duenez “naziogintzaren eta euskaldunon kontrako eraso bat” dira isun hauek.