Ertzaintzak hiru lagun atxilotu ditu Donostiako Aquariumean egindako ekintza antiespezista batean
Atzo, azaroaren 1ean, Nor Mugimendu Antiespezistak elkarretaratzea egin zuen Donostiako Aquarium parean, “Animaliak giltzatuz gero, erresistentzia espero” lelopean. Elkarretaratze hau urteoro egiten dute, azaroaren 1a dela-eta, baina aurten hasi berritan ekintzaile talde batek Aquarium barruko kristalezko tunela blokeatu zuen, “bertako norbanakoen askatasuna aldarrikatzeko”. Erresistentzia pasiboa erabiliaz tunela oztopatu zuten 3 orduz.
Geroago, Ertzaintza lekura bertaratu zenean, aquarium barruan zeuden bisitari guztiak kanporatzeari ekin zioten indar errepresiboek. Denak kanpoan zeudenean, barrura sartu ziren eta indarrez eserialdiarekin amaitu zuten. Gainera, horietako hiru atxilotu zituzten, desordena publikoko delituak eta erresistentzia larria egotzita. Horretaz gain, indar errepresiboek beste bederatzi lagun ere identifikatu zituzten. Komisariatik pasatu ostean, atxilotuak aske gelditu ziren eta astelehenean joan beharko dira deklaratzera.