lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 02/04/2019

Ertzaintzaren bertsioa gezurtatuta, adierazpen askatasunaren aldeko hitza hartu du Hala Bedik

Hala Bedi
Mikel Sáenz de Buruaga Hala Bediko kazetariaren kontrako epaiketa burutu da.

Gertaeretatik ia bi urte pasa direnean eta bide administratibotik zigorra konfirmatu zenetik urtebete igaro denean, gaur, apirilaren 2an, Mikel Sáenz de Buruaga Hala Bediko kazetariaren kontrako epaiketa burutu da. 2017ko maiatzean Gasteizko Errekaleor auzoan jazotako polizia-operazioa grabatzeagatik Herritarren Segurtasunerako Legea aplikatu zioten Ertzaintzak eta Eusko Jaurlaritzak. Mozal Legea aplikatuta, Jaurlaritzak zigortutako lehen kazetaria da. 11.30ean deitutako elkarretaratzeak epaitegiko ateraino eraman du elkartasuna.

Jende andana bildu da gaur goizean Gasteizko Epaitegien aurrean Hala Bediko kazetariari babesa helarazteko. Mugikorrak eskuetan eta ahoa estalita, Mozal Legea irudikatuz, Hala Bedik informatzen jarraituko duela adierazi nahi izan dute bertaratutako lagunek.

Kontraesanez beteriko epaiketa

Ertzaintzak kolpe batez honela utzi zuen kazetariaren mugikorra

Epaiketa hasi bezain laster, froga guztiak (bideoak batez ere) aurkeztu ezin izan dituztela salatu du irratiko abokatuak, Saenz de Buruaga kazetari bat dela gogoratzearekin batera. Eusko Jaurlaritzaren bertsioak, ordea, kazetariak berak bakarrik 60 ertzain zituen polizia-lerroa gainditu eta ertzainen aurka egin zuela dio. Hemen 2017ko maiatzean jazotako gertaeren bideoa ikusgai. Hala ere, ertzain batek onartu du “balitekeela jende uholdeak Mikel mugitzea eta polizia-lerroa gainditzeko borondaterik ez izatea”. Ertzain beraren esanetan, Saenz de Buruagak ez zuen polizien aurka egin “talde horren “cabecilla” zelako eta besteek zer egin agintzen zuelako”.

Eusko Jaurlaritzako abokatuak Saenz de Buruaga kazetari lanetan zegoela onartu arren, identifikazio unean manifestari gisa zegoela uste du. Horrez gain, egunean bertan eta bideoetan (epaiketan ikusi ez direnirudiak) ikus daitekeen bezala, Saenz de Buruagak prentsa-txartela izan zuen uneoro eskura. Ertzaintzaren abokatuaren arabera, berriz, ez. Ertzain batek azaldu duenez Saenz de Buruagak prentsa-txartela erakutsi zien, baina euren nagusiak“prentsa-txartelari garrantzirik eman ez zionez aurrera jarraitu zuten salaketarekin”.

Hala Bediren lehenengo lekukoak azaldu duenez, Saenz de Buruagarekin hainbat konexio egin zituen egun hartan zuzenean irratian; Ertzaintzak, ukatu arren, mugikorra apurtu zioten arte. Bigarren lekukoa, Hala Bedin kazetaritza praktika lanetan zegoena, Saenz de Buruagarekin batera Ertzainen aurretik iritsi zen Errekaleor auzora, epaiketan adierazi duenez, geratutakoaren jarraipena egin asmoz.

Saenz de Buruagak hartu du azken hitza. “Jokoan isuna baino gehiago dagoela” azaldu du, “Mozal Legearekin, denok gara errudunak kontrakoa erakutsi arte” argi adieraziz. Epaileak, ordea, ez dio azken adierazpena onartu.

Epaiketak utzi dituen kontraesanen ondoren, sententziaren zain geratu da kasua.

https://halabedi.eus/2019/04/02/ertzaintzaren-bertsioa-gezurtatuta-adierazpen-askatasunaren-aldeko-hitza-hartu-du-hala-bedik/

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal