Etxebizitza turistikoak %15eko hazkundea izan dute urte batean
Hego Euskal Herriak 6.723 etxebizitza turistiko zituen otsaila amaieran, 5.140 Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta 1.583 Nafarroan, Estatistikako Institutu Nazionalak (INE) argitaratutako azken datuen arabera. EAEn dauden 5.140 etxe turistikoetatik, duela urtebete baino 787 gehiago, 2.611 Bizkaian daude, 1.183 Gipuzkoan eta 346 Araban. Nafarroan, aldiz, 1.583 pisu turistiko dira, iaz baino 347 gehiago. Hala ere, datu hauetan ez dira agertzen lizentziarik gabe lan egiten duten etxebizitza turistikoak.
Estatu mailan INEk bere inkesta esperimentalean 351.000 etxebizitza turistiko baino gehiago jaso ditu, urtebete lehenago baino 46.253 gehiago (% 15eko hazkundea). Pisu horiek 1,75 milioi plaza dituzte, % 13,3ko igoera. Horrela, etxe bakoitzeko bost plaza inguru daude. Estatuko etxebizitza guztien % 1,3 turistikoak dira, urtebete lehenago % 1,2aren eta 2022ko otsailean % 1,1aren gainetik. INEren estatistika esperimental honek 2020ko abuztutik, pandemia betean, oporretan alokatzeko 321.496 etxebizitza erregistratu zituenetik, soilik jasotzen ditu datuak.