Etxegabetze bat gelditzea lortu dute Gasteizen
Auzoan Bizi etxebizitza sareak atzo jakinarazi zuen Gasteizen etxegabetze bat gauzatzekoa zela gaur goizean, Extremadura kalean. Laboral Kutxarekin hipoteka bat zuen emakume bat eta adin txikiko alaba kaleratzeko agindua emana zegoen, 2007tik etxe horretan bizitzen egon ostean, Auzoan Bizik jakinarazi duenez.
12:30erako zegoen ezarria etxegabetzearen ordua, baina Auzoan Bizi sarearen deialdiari erantzunez dozenaka lagun hurbildu dira, etxegabetzea gelditzeko asmoz. Polizia lehenago gerturatu bada ere, atarian jartzea lortu dute protestan. "Kolpez eta bortxaz" bota ditu Ertzaintzak bertatik, sareko kideek salatu dutenez. Inguruko taberna eta dendak ixtera behartu dituzte, polizia operazioak iraun bitartean. Hala ere, etxetik bota baino lehen epaileak bertan behera utzi du etxegabetzea, oraingoz, eta Polizia ez da etxera sartu.
Auzoan Bizitik etxebizitza negozio izatea gaitzetsi dute, eskubidea izan beharrean. "Ordaindu beharra, filtro arrazistek etxebizitzarako sarbidea zailtzea, etxejabeen gehiegikeriak, bankuen eta funts putreen interes eta boterea" aipatu dituzte etxebizitza eskubiderako oztopo gisa. "Etxebizitza merkantzia den bitartean ez da eskubide izango".
Etxegabetzen saiatu diren emakumea lanean dabilela jakinarazi dute, eta hala ere ezin izan diola aurre egin hipotekaren gastuari. "Nahiz eta lan egin, inor ez dago arriskutik kanpo" ohartarazi dute etxebizitza saretik. Laboral Kutxak etxegabetzea agindu izana salatu dute, eta pertsonen oinarrizko beharrarekin negozioa egin nahia leporatu diote.
Gasteizko etxegabetze bat gelditzea lortu du Auzoan Bizi sareak - Gasteiz - Alea.eus