Etxepare lizeoko 150 ikasle inguruk protesta egin dute Baionako suprefeturan

Baxoa euskaraz egin ahal izateko borrokak hainbat emaitza ekarri ditu azken asteotan: alde batetik, Frantziako Hezkuntza ministroak iragarri zuen 2028ko baxotik aurrera berezitasunetako ikasgai bat eta Ahozko Handiaren zati bat Frantziako Estatuko hizkuntza gutxituetan egin ahal izango direla; eta bestetik, aurten desobeditu eta Matematikako proba berria euskaraz erantzun zuten ikasleen azterketak zuzenduak izanen zirela jakinarazi zen.
Hala ere, ikasleek desobedentziarekin eta mobilizazioekin jarraituko dutela iragarri zuten. Bide horretan, atzo, hilaren 3an, Etxepare lizeoko 150 ikasle inguruk ekintza sinbolikoa egin zuten Baionako suprefeturaren aurrean. Baso hutsak utzi zituzten Baionako suprefeturako atarian, neurrien eskasia salatzeko. "Lehenik, aurtengo Matematikako leheneko baxoko azterketa euskaraz zuzenduko omen dute, baina nork bermatzen digu hurrengo urteetan ere hala izanen dela?".Bestalde, berezitasunetako ikasgai bat eta Ahozko Handiaren zati bat euskaraz egin ahal izateko 2028ra arte itxaron behar izatea gehiegizkotzat jotzen dute. "Bi urte gehiago itxaroteak ez du inolako zentzurik. Bi urteren buruan edozer gerta daiteke. Urte luzez itxaron dugu aurrerapenak lortzeko, eta ez dugu beste bi urtez zain egon nahi". Hala ere, arazo nagusia zein den azpimarratu dute: baxoko gainerako probak frantsesez egiten segituko dira. "Nola ase gaitezke baxoaren erdiarekin bakarrik? [...] Ez du zentzurik". Ikasleen ustez, atal batzuk euskaraz egiteko aukera ikasleak "isilarazteko" saiakera bat baino ez da, baina argi utzi dute ez dutela amore emateko asmorik: "Ez gara isilik geldituko baxoa osorik euskaraz egin ahal izan arte"







