Euskadiko Euskal Pilota Federazioak ofizial izaten jarraituko du

2024ko abenduan, Euskadiko Euskal Pilota Federazioa Nazioartekoan sartzea onartu zen, Iruñean egindako batzarrean. Horri esker, ofizialki lehiatzen ari da Euskadiko federazioa. Espainiako eta Kubako federazioek, ordea, helegitea jarri zioten erabakiari. Espainiakoak arrazoitu zuen batzarra “irregularra eta opakua” izan zela, Espainia “modu arbitrarioan” baztertu zutela bozketan, federazioak ezarritako diziplina-zigorragatik ezin zuelako parte hartu. Parte hartzea galarazi izana ukatu zuen ondoren Nazioarteko federazioak. Bidean, Kubako federazioak atzera bota zuen bere helegitea.
Kirolaren Arbitraje Auzitegiak(KAA) orain eman du ebazpena: Nazioarteko federazioaren estatutuetan ez da ahalbidetzen KAAra jo ahal izatea, batzar nagusian hartzen diren erabakiak auzitan jartzeko. Alegia, bertako erabakiak ezin ditu zalantzan jarri KAAk, eta beraz, ez du helegitea aztertzeko eskumenik.
Ondorioz, beste epaitegi batzuetara jotzeko epea gaindituta, ofizial izaten eta ofizialki jokatzen jarraituko du Euskadiko selekzioak. Edonola, kirol arloan auzitegi gorena KAA da.
Horrez gain, 2.159 euro ordaindu behar dizkiete Espainiako eta Kubako federazioek Euskadi eta Nazioartekoari, prozesuak sortutako kalte ordainengatik.
“Espainia bakarrik geratu da”
Joxemari Mitxelena Euskadiko Euskal Pilota Federazioko presidentea pozik agertu da, arrazoia eman dietelako, eta aurrez esandakoa berretsi duelako auzitegiak: “Gauzak ondo egin genituela”. Halere, urte gogorra izan dela gaineratu du: “Ez genuen honetara iritsi behar”. Nazioarteko federazioko gainerako kideen aldetik jasotako babesa ere nabarmendu du. “Espainia bakarrik geratu da”.
Nazioarteko federazioak ere pozik hartu du ebazpena. Bere hitzetan, prozesua “demokratikoa eta legitimoa” izan zela erakusten du.







