lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 26/01/2023

Euskal Herriak Amnistia!!

ASKE
Askotarikoak izan dira Euskal Herriko militante iraultzaileek pairatu behar izan dituzten errepresio formak, askapen borrokaren historian zehar

Askotarikoak izan dira Euskal Herriko militante iraultzaileek pairatu behar izan dituzten errepresio formak, askapen borrokaren historian zehar. Frantziar zein espainiar estatu zapaltzaileek beraien eskura duten makinaria errepresibo guztia baliatzen dute, askapen grina duen proiektu iraultzaile baten aurka. Hori dela eta, atxiloketak, torturak eta erailketak izan dira militante iraultzaile askok pairatu duten patua, borrokatzeko hautua egiteagatik.
Noski, ondorio horien guztien jakitun izanda hartu zuten borrokara batzeko erabakia, izan ere, dominazio forma orok biolentzia du tresna nagusitzat bere zapalkuntza aurrera eramateko, eta espainiar zein frantziar estatuak ez direla salbuespena. Hori horrela, militanteentzat Euskal Herriak pairatutako zapalkuntza nazionalaren eta sozialaren aurrean borrokatzea inoiz ez da aukera bat, behar bat baizik.

Kapitalaren partetik jasandako zapalkuntza hori ez da Euskal Herrira mugatzen den errealitatea, ordea, kapitalismoaren atzaparren pean aurkitzen den munduko edozein txokotan ezaguna den errealitate komuna baita. Jakina, errepresioa errealitate konkretura moldatzen den tresna da, eta errepresioak gaurdaino forman eta itxuran bilakaera bat izan badu ere, horrek ez du esan nahi errepresiorik ez dagoenik. Alta, errepresioa gaur egungo baldintzetara egokitu da. Eta militante zein antolakunde ezberdinak ekonomikoki ito, mehatxu eta jarraipenen bitartez kikildu edota etengabeko neurri judizialen bitartez suntsitzea dute helburu.

Burgesiak errepresioaren bitratez errealitate konkretura moldatzeko gaitasuna duen bitartean, etorkizuna baldintzatu eta hori zehazteko ahalmena du. Gauzak horrela, azken hilabeteetan psoposatzen eta indartzen ari diren neurriak etorkizun iluna iragartzen digute. Izan ere, krisi egoeran Euskal Herri Langilearen bizi baldintzek okerrera egiten duten heinean, horren antolakuntzak eta mobilizazioak ere gora egiten dute, eta burgesiak horiek neutralizatzeko eta deuseztatzeko baldintzak ezartzeko beharra du.

Ildo horretan, Euskal Herriak nazionalki eta sozialki zapalduta jarraitzen duen bitartean, askapen borroka eta hosi deuseztatzeko burgesiak baliatzen duen errepresioa konstante bat izango dira. Horregatik, egoera hori iraultzeko eta Euskal Herriak pairatzen duen zapalkuntzarekin eta errepresioarekin behingoz amaitzeko, amnistia eskuratzeko beharra dugu. Amnistia dominazio egoera hori iraultzeko halabeharrezko baldintza baita, amnistia gehiagorengatik borrokatu behar ez izateko eta honengatik errepresio gehiago pairatu behar ez izateko ezinbesteko baldintza, alegia.

Azken finean, amnistia Euskal Herri Langileak erabateko askatasuna izango duen etorkizunerako mugarria da, ASKE-tik ez dugulako etsiko hori lortu arte. Horretarako, auzoz-auzo, herriz-herri... Euskal Herri Langileak pairatzen duen errepresioa eta hori gainditzeko beharrezkoa den amnistia erdiesteko lanketak eramango ditugu aurrera. Bide horretan, ekainaren 3an Amnistia Egun bat egingo dugu Donostian, maila internazionaleko zein Euskal Herriko errepresioaren inguruan hausnartzea eta ASKEK-k dituen erronkak mahaigaineratzea helburu izango duena.

INDEPENDENTZIA ETA SOZIALISMOAREN BIDEAN EUSKAL HERRIAK AMNISTIA!

ASKE

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal