lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 29/05/2018

Euskal Herrian bizi | Gazteon oraina borrokan da!

Ernai
Jaiotzen garenetik eman beharreko pausuen norantza markatzen digute. Erlojuaren tiktak frenetiko eta konstantearen erritmora bizirautera behartu

Jaiotzen garenetik eman beharreko pausuen norantza markatzen digute. Erlojuaren tiktak frenetiko eta konstantearen erritmora bizirautera behartu. Txirrinak jo eta koordenada zehatzetan ibiltzeko hezi. Baina, nora doaz gure bizitzaren koordenadak? Nork markatuta? Norantz? Gazteon bizitzak prekarietatez ezaugarritu dizkigute. Bizi baino biziraun beharrak.

Izan ere, enpleguari lotutako baldintza kaxkarrez haratago, ziurgabetasuna, heldulekurik eza, ezegonkortasuna eta segurtasun falta nagusitu dira gure bizitzako eremu guztietan. Lana, hezkuntza, etxebizitza, harreman sozialak, harreman
afektibo-sexualak, denbora gabezia, osasuna, zaintza, parte hartze politikoa, etorkizunerako zerumugarik eza… prekarietateak gure bizitzak zeharkatu ditu.


Ondorioz, emantzipatu eta bizi proiektu duin bat proiektatu eta eraikitzea ezinezkoa bihurtu da. Kapitalismoaren erritmo itogarriaren ondorioak argiak dira: dependentzia, gutxiespena, babesgabetasuna, erritmo itogarria, ziurgabetasuna eta
etorkizunarekiko antsietatea... azken batean, bizi prekarietatea. Batzuek diotenaren kontra, gazteon egoera prekarioa ez da trantsitorioa edota kointurala. Ez da arazo sektoriala, gazteon egoerak jendarte osoan du eragin kaltegarria. Gazteon esplotazioa egiturazkoa da sistema kapitalista heteropatriarkalean. Gaztea, emakumea eta atzerritarra izanez gero, hiru bider
okerrago. Bizitza gutxi batzuen etekin pribatuen zerbitzura dagoen bitarteko eta negozio iturri bat baino ez da. Sistemaren eskaintza argia da: erresignazioa edo soluziobide indibidualak. “Ez dago alternatibarik” leloa iltzatu nahi digute, prekarietatera ohitu eta egungoa era erresumindu eta otzanean onartu dezagun.


Espainiar erregimena bere ohiko jarrera autoritarioan gogor mantentzen da. Baina, nor harritu daiteke? Are gehiago, erregimenaren asteotako egoerak larritasuna gehitu dio egoerari. Herrialde Katalanetako (eta Euskal Herriko) auziaren aurrean, indarkerian eta mehatxuan oinarritutako estrategia gogortu du, 155. artikulua eta estatu aparatu, botere judizial, ekonomiko eta mediatikoen jarduera koordinatuarekin batera. Datozen urteetako eskaintza inboluzionista, antidemokratiko, antisozial, autoritario eta errepresiboa izango dela ondoriozta dezakegu agertoki politiko-instituzionalaren argitan.

Aurreko guztia ezinezkoa litzateke, euzko-labeldun erregimenak “arduraren” aitzakipean Gure Herria interes kapitalista eta patriarkalen arabera saldu eta erosiko ez balu. Sabin Etxeako manfia egitura eta logika oso baten azken katebegia da.

Eskema argia da; elite ekonomiko eta enpresarialak agindu, Bruselak diktatu, estatu espainol eta frantsesak inposatu eta dependentziaren aitzakiapean hemengo agintariek aplikatu. Erregimenaren piramidea.

Gazteoi pazientzia agortu zaigu ordea. Nazkatuta gaude eta ez gaude prest beste batzuek markatutako koordenadetan bizirauteko. Gure hautua argia da: era duinean lan, ikasi eta bizi nahi dugu, ez iraun. Bizitzaren sostengarritasuna eta zaintza
erdigunean jartzeko apustua egiten dugu. Auzolana, burujabetza, lan autonomo eta sortzailea, kooperatibismoa, parekidetasuna, jasangarritasuna, demokratizazioa, Herria, bizipoza, euskara... ardatz, denon bizitzak erdigunean jarriko dituen eredua orain eta hemen eraikiko dugu. Euskal Herrian bizi nahi dugu.


Iluntasunaren artetik, badator esperantzaren egunsentia. Mugimendu feminista, pentsionisten borrokaldiak, erabakitzeko eskubidearen aldeko herri ekimenak, hezkuntza sistema arrotzei plantoak, espaloitik jaisten ez den euskararen herria…
Euskal Herria bere oraina eraikitzen, defendatzen eta borrokatzen dago kalean. Bizirik. Euskal Errepublika Sozialista eta Feministaren zimenduak egunero ari dira eraikiak izaten; horrela soilik lortuko baitugu etorkizun askea.

Ernaiko kideok amorrua eta ilusioa antolatuz, herriz herri eta auzoz auzo dinamika berriak piztuko ditugu. Bizitza erdigunean jarriz, Euskal Herri aske, sozialista eta feminista irabaztera goaz. Erlojuaren orratzek koordinatzen bagaituzte, erlojua puskatu
eta koordenatu dezagun elkarrekin orainaren borroka. Euskal Herrian bizi nahi dugulako, gazteon oraina borrokan da. Kalean ikusiko dugu elkar. 

Animo eta aurrera!

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal