Euskal Herriaren eta Palestinaren askatasunaren aldeko aldarria egin dute milaka lagunek Bilbon

Atzo, Euskal Selekzioaren eta Palestinako selekzioaren arteko partida izan zen San Mamesen(Bilbo), eta hori dela-eta, elkartasun erakustaldiek ez zuten etenik izan egun osoan. Israelen kontrako eta palestinar erresistentziaren aldeko mezuak gailendu ziren, Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren aldekoekin batera.
Egunari hasiera emateko, hildako kirolari palestinarrak omentzeko ekitaldia egin zuten, 13:30ean, Bilboko Arriaga plazan. Palestinarekin Elkartasuna plataformak eta euskal zale taldeek ohartarazi zutenez, “Palestinan kirola ere ez dago genozidiotik salbu”. Eman dituzten datuen arabera, 2023ko urriaren 7tik, gutxienez 700 kirolari palestinar hil ditu Israelek bonbardaketetan, horietatik 265 futbolariak. Horretaz gain, 300 kirol instalazio inguru suntsitu dituzte sionistek. “Bitartean, ezin dugu ahaztu Israeli alfonbra gorria jartzen zaiola nazioarteko kirol txapelketa guztietan, eta krimenak zuritzeko tresna estrategiko gisa erabiltzen duela kirola estatu sionistak”, salatu zuten.
Arratsaldeko 18:30etan, euskal zale taldeen eta Palestinarekin Elkartasuna plataformak egindako deialdiarekin bat eginez, jendetza bildu zen. “Gora palestinar erresistentzia” eta “Euskal Herria eta Palestina Askatu!” zioen pankarta nagusiak; eta “Israel estatu terrorista” aurrealdean zabaldutako oihan handiak, zeinak marrazki bat ere bazuen: futbol jokalari palestinar bat, Netanyahuren buruari ostikoa ematen, baloi bat bailitzan. Hainbat hedabide adierazi dutenez, 20.000 pertsona inguru mobilizatu ziren. Atzoko eguna ospakizunerako izateaz gain, batez ere aldarri politikoak “mahaigaineratzeko” izan dela adierazi zuen Palestinarekin Elkartasuna plataformako kide batek: “Palestinar erresistentziaren aldeko aldarria eta Israelgo Estatua desegitearen beharra plazaratzeko eguna da gaurkoa. Eta batez ere su etenaren iruzurra seinalatzeko”.
![]()
Gaueko 20:30ean hasi zen Euskal Selekzioaren eta Palestinako selekzioaren arteko partida San Mames estadioan, eta bertan ere hamaika aldarri entzun eta ikusi ziren.







