Euskal Herriko ikasleek aurrera jarraitzen dute Palestinaren aldeko kanpaldiekin
Maiatzaren 6an abiatu zituzten kanpaldiak Hego Euskal Herriko hiriburuetako unibertsitate publikoetako campusetan, Ikasle Abertzaleak-ek deituta, eta beste antolakunde batzuen babesarekin, besteren artean, Ernaik edo ASTINDU dinamikak bat egin dute deialdiarekin. Egun hauetan zehar EHU eta NUPeko errektoreei exijitu diete Israelekin duten harreman oro eten dezatela. NUPeko errektoretzari Israel publikoki kondenatu dezala ere exijitu diote. Ikasleek salatu dutenez, EHUk esan bazuen ere Israelgo unibertstitate sionistekin harremanak hautsiko zituela, “errealitatea guztiz bestelakoa” da. Israelen konplize diren enpresekin ere hausteko eskatu dute. HP, AXA eta CAF enpresak aipatu dituzte sionismoaren kolaboratzaile gisa. Ohartarazi dute HP enpresak Israelek Palestinan ezarritako checkpoint-etan erabiltzen den teknologia militarra garatzen duela, AXA inbertitzailea dela armamentu enpresetan eta kolonizazioan parte hartzen duten bankuetan eta CAF euskal enpresa Palestinako legez kanpoko kolonietatik igarotzen den trenbide azpiegitura eraikitzen ari dela.
Atzo, kanpaldien presioari esker, Espainiako Unibertsitateeko Errektoreen Konferentziaren errektoretza batzordeak bilkura izan zuen, eta han ere testu bat onetsi dute Palestinako gatazkaren inguruan; testu horretan ere prest azaldu ziren harremanak eteteko Israelgo erakundeekin ez badute «konpromiso irmo bat» azaldu bakearen alde, eta giza eskubideen nazioarteko defentsan. Hala ere, ikasleak salatu zutenez prentsaurreko baten bidez "hitz hutsak baino ez zaizkigu iruditzen, unibertsitateak ez baitaude prest hitzak ekintzetara eraman eta Israelgo estatu sionistaren genozidioan kolaboratzen duten enpresekin harremanak eteteko".