lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 27/04/2026

Euskara egoera kritikoan dago Ipar Euskal Herrian

La Haine - Euskal Herria
Iparralden euskaldunen portzentajea 33,1etik %20,1era jaitsi da 1991tik 2021era. Hego Euskal Herrian, berriz, euskara ezagutza handitzen ari da, batez ere EAEn.

Ipar Euskal Herrian euskara bizirik bada, euskal militanteen lan alimaleari esker izan da, dudarik gabe. Azken hogeita hamar urteetan egin duten lana ez da gauerdiko ahuntzaren eztula izan. Besteak beste, ikastolak, gau-eskolak eta euskarazko irratiak muntatu zituzten euskaltzaleek. Frantses botereek, anartean, euskararen ofizialtasuna ezagutu beharrean, mila traba eta estakuru jarri dizkiote euskararen biziraupenari. Horiek horrela, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan euskara ezagutzen dutenen portzentajea azken hamarkadetan nabarmen jaitsi da.

Gaindegiak argitaratutako datuetan ikus daiteke hori. Gaindegia gizarte zibilaren ekimenez sortutako behategi sozioekonomikoa da, alegia, Euskal Herriaren giza garapen sozial eta ekonomiko iraunkorrerako behategia. Erakunde honek, besteak beste, euskarak azken hamarkadetan izan duen bilakaera aztertzen duen ikerketa bat publiko egin du duela gutxi. Gaindegiak argitaratutako datuen arabera, Lapurdin euskararen ezagutza %26,6tik %16,1era jaitsi da 1991tik, Nafarroa Beherean/Zuberoan %62,4tik %47,5era, eta Iparralde osoan %33,1etik %20,1era.

Bizitzan zehar euskaldundu direnen portzentajeak aztertuta, ikusten da herrialde batzuetan euskalduntze prozesuak askoz ere pisu handiagoa duela beste batzuetan baino. Ipar Euskal Herrian, bizitzan zehar euskaldunduak izan diren proportzioa txikia da, izan ere, bilakaerak maila apalak eta gorakada oso geldoa erakusten ditu. Iparralde osoan %2,8tik %3,5era baino ez da igo 30 urteetan, eta Lapurdin datua izoztu da azken hamarkadan (%3,4). Nafarroa Beherea/Zuberoak erakusten du aldaketa dinamikoena (1991n %1,7 izatetik 2021ean %4 izatera), baina hala ere proportzioa txikia da.

Kontrako joera Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herrian, berriz, euskara ezagutza handitzen ari da, batez ere Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban. Gipuzkoan euskaldunen portzentajea %43,7tik %51,8ra igo da 1991tik 2021era; Bizkaian %16,5etik %30,6ra, eta Araban %7tik %22,5era. Nafarroan ere gorakada txikia gertatu da, %9,5etik %14,1ra. Euskal Herri osoan, batez beste, biztanleen %10,9 euskaldundu dira bizitzan zehar. Egungo datuei erreparatzeaz gain, bilakaerari erreparatzen badiogu, azken 30 urteetan, Araban %3tik %15,3ra pasatu da; hau da, bost aldiz gehiago. Bizkaian %2,6tik %13,7ra igo da, eta Gipuzkoan %4,9tik%11,9ra, nahiz eta azken urteetan gorakada apalagoa izan. Nafarroan ere %1,5etik 1991n, %6,1era pasa da 2021ean.

 

Contactar con La Haine

 

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal