lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 04/03/2026

Euskara eskakizunaren aurkako helegite batengatik, 25 lanpostuko LEPa bertan behera utzi dute

Ikerne Zarate Gartziarena
25 udal administrari plaza betetzeko C1 edo hirugarren hizkuntza eskakizuna eskatzen zien Errenteriako Udalak hautagaiei betekizun gisa, eta horren aurkako administrazio errekurtsoa aurkeztu dute.

Errenteriako Udalak deitua zuen 25 lanpostuko LEP Lan Eskeintza Publikoa bertan behera utzi du Errenteriako alkate Aizpea Otaegiren dekretu bidez. Deialdi horretan, 25 udal administrari plaza betetzeko C1 edo hirugarren hizkuntza eskakizuna eskatzen zien udalak hautagaiei betekizun gisa, eta horren aurkako administrazio errekurtsoa aurkeztu dute. Hau da, errekurtsoa lanpostuetan betekizun gisa eskatzen den hizkuntz eskakizunari buruzkoa da.

800 pertsonatik gora aurkeztu dira deialdi publikora hautaketa prozeduran parte hartzeko.

Joan den azaroaren 12an onartu ziren alkatetzaren dekretu bidez 25 udal administrari plaza horiek oposizio lehiaketa librearen bidez betetzeko deialdia eta oinarriak, eta hilabete berean argitaratu Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta joan den abenduaren 4an Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean. Donostiako Auzialdiko 3. Epaitegiko administrazioarekiko Auzietarako atalean aurkeztutako errekurtsoarekin inpugnatuak izan dira guztiak, C1 edo hirugarren hizkuntza eskakizuna ezartzen zutelako.

Horren aurrean, hautaketa prozesua etetea erabaki du alkateak, dekretu bidez, euskararen derrigortasunarekin lotuta hainbat erabaki judizial ematen ari direla aintzat hartuta, eta Auzitegi Gorenean zenbait kasazio errekurtso ebazteke direlako. Ez da hori izan erabakia hartzeko arrazoi bakarra. Izan ere, parte hartzaile kopuru handia kontuan hartuta —800 eskaeratik gora aurkeztu dira— hautaketa prozesua antolatu eta garatzeko baliabide ekonomiko eta pertsonal handiak beharko dituztela aurreikusi du udalak. Gainera, balizko ebazpen judizialak ziurgabetasun egoera sortzen duela bai hautagaientzat, baita udalaren jardunean ere adierazi du.

Hori horrela, egoera aztertu eta izan daitezkeen arriskuak neurtu arte hautaketa prozesua bertan behera uztea erabaki du, “zuhurtziazko neurria da, eta administrazio publiko batek hartu behar du, hautaketa prozeduraren eraginkortasunaren eta efizientziagatik eta herritarren eskubideak bermatzeko”.

Euskara eskakizunaren aurkako helegite batengatik, 25 lanpostuko LEPa bertan behera utzi du udalak : Oarsoaldeko Hitza

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal