Euskararen aurkako azken erasoa salatu du Astinduk

ASTINDU dinamikak salatu du unibertsitatera sartzeko probako Euskara azterketan gertatutakoak agerian uzten duela Espainiako Estatuak euskararekiko duen jarrera. Dinamikaren esanetan, "euskaraz gutxieneko gaitasunik ere frogatu ez duten ikasleak unibertsitatera sartu ahal izango dira, Euskal Herriko hizkuntza nazionalak baliorik izango ez balu bezala".
Dinamikak gogorarazi du duela aste gutxi Frantziako Estatuak Ipar Euskal Herriko ikasleei Matematikako azterketa euskaraz egiteko eskubidea ukatu ziela. ASTINDUren ustez, bi gertakariak "ez dira gertakari isolatuak, erasoaldi beraren bi adierazpen baizik".
Dinamikaren arabera, estatu okupatzaileen helburua "euskara eremu estrategikoetatik baztertuta, diglosia egoera elikatu eta mendeko hizkuntza bihurtzea" da. Horrez gain, salatu du euskara "kulturara eta folklorera mugatu" nahi dutela, "Euskal Herri independente eta sozialista eraikitzeko tresna izan ez dadin".
Era berean, adierazi du selektibitatean gertatutakoa "ez dela administrazio akats hutsa", baizik eta "aspalditik euskararen aurka martxan dagoen eraso politiko eta judizialaren ondorio zuzena". Ildo horretan, PP eta PSOE alderdiak kritikatu ditu, "diskurtso ezberdinak izan arren, estatu proiektu bera defendatzen" dutela esanez. Era berean, auzitegi espainiarrak "euskararen aurkako oldarraldia aurrera eramateko tresna politikoa" direla salatu du.
Eusko Jaurlaritzaren jardunari dagokionez, ASTINDUk adierazi du EAJ buru duen gobernuak "autonomismoaren benetako mugak" erakutsi dituela. Dinamikaren esanetan, Jaurlaritzak "eraso bakoitzaren aurrean adierazpen instituzionalak egiten ditu, baina, azkenean, Madrilek ezarritako marko juridikoa onartu eta espainiar estatu zapaltzailearen auzitegien erabakiei men egiten die". Horren ondorioz, uste du "euskararen aldeko diskurtsoa baliatzen" duela, "haren atzerakada administratzen duen bitartean".
Azkenik, ASTINDUk adierazi du Espainiako eta Frantziako aparatu judizialek "ez daukatela inolako zilegitasunik gure hizkuntzari buruz erabakitzeko". Dinamikaren iritziz, euskara defendatzea "ez da soilik hizkuntza bat babestea", baizik eta "Euskal Herriak bere hezkuntza sistema propioa eraikitzeko duen eskubidea eta beharra defendatzea", baita "Euskal Herri Langilearen askapen nazional eta sozialaren alde” egitea ere.







