lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 02/07/2026

Euskararen aurkako oldarria salatu dute Bilbon, Gasteizen eta Donostian egindako elkarretaratzeetan

La Haine - Euskal Herria
Jendetza bildu da EHUko campusetan, eta “euskararen kontrako oldarraldiak hezkuntzara salto” egin duela ohartarazi dute.

Euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldiak etenik ez duela salatu dute Bilbon, Gasteizen eta Donostian antolatutako elkarretaratzeetan. Bilboko Ingeniaritza Eskolan, Donostiako Karlos Santamaria zentroan eta Gasteizko Letren Fakultatearen aurrean bildu dira, "Justizia euskararentzat, euskara guztiontzat" lelopean. Deialdia Euskalgintzaren Kontseiluak egin du, eta harekin bat egin dute hezkuntza eta unibertsitate arloko hainbat eragilek nahiz sindikatuk.

Kontseiluak salatu du unibertsitatera sartzeko probako (USaP) Euskara eta Literatura II azterketan zenbait ikaslek lortutako emaitza eskasak botere judizialak "euskararen aurka egiteko" erabili dituela. Izan ere, azterketa horretan emaitza txarrak izan dituzten 25 ikaslek auzitara jo dute, eta epaileak behin-behinean erabaki du azterketako emaitza ez dela kontuan hartuko.

Kontseiluko idazkari nagusiaren esanetan, oldarraldi "politiko, mediatiko eta judizialak" hezkuntza jarri du jomugan, eta horrek "euskararen desofizializazio prozesua" are gehiago indartu du. "Unibertsitatera sartzeko proben auzian gertatutakoak ondorio larri eta nabarmenak ditu euskararen ofizialtasunari dagokionez", azpimarratu du. Horrenbestez, esku hartze judizialak "saritu eta pribilegiatu" egingo ditu euskarari "uko" egin dioten ikasleak, Eskisabelek adierazi duenez; aldiz, "gutxietsi" egingo ditu "euskarari gainerako ikasgaien pareko garrantzia eman diotenak, hezkuntza curriculumean aitortzen zaion tokia errespetatu dutenak eta ikasteko ahalegina egin dutenak".

EHUk, bere aldetik, kautela-neurri gisa ikaspostu gehiago sortzea erabaki du, 25 ikasle horien ondorioz gainerako ikasleei kalterik ez eragiteko. Kontseiluaren ustez, ordea, ez da egokia EHUk eta Eusko Jaurlaritzak auziari behin-behineko irtenbidea emateko adostutako bidea. Izan ere, auzitara jo duten ikasleei tokia egiteko ikaspostu gehiago sortzeak "ez du kaltea konpontzen", Eskisabelek adierazi duenez. "Horrela balitz, irizpide bera aplikatu beharko litzateke Matematikan edo Gaztelanian emaitza txarrak izan eta emaitza horiekin ados ez dauden ikasleekin ere".

Kontseiluak "kezka handiz" hartu du Eusko Jaurlaritzaren jarrera. Haren ustez, Hezkuntza Sailak, "benetako arazoari" heldu beharrean, zuzentzaileak jarri ditu jomugan: "Hezkuntza Sailaren jarrera azterketak zuzendu dituzten irakasleak seinalatzea izan da, haien ezagutza, zehaztasuna eta sen ona zalantzan jarriz". Erakundeak babesa eta aitortza helarazi dizkie zuzentzaile lanetan aritu diren irakasle guztiei.

 

Contactar con La Haine

 

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal