lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 08/07/2026

Familia bat kaleratu dute udal etxebizitza batetik Bilboko Otxarkoaga auzoan

Aratz Aranburu
Etxegabetzea eragozteko negoziazioak egonda ere, familia kalera bota izana salatu dute. Familia zaurgarria da: aitak %70etik gorako desgaitasuna du; gurpil aulkian ibiltzen da.

Astelehenean familia bat kalera bota zuten Bilboko Otxarkoaga auzoko etxebizitza batetik; Bilboko Udalaren eskumenekoa da etxebizitza. PAH Hipotekak Kalte Eginikoen Plataformak kaleratzea salatu du; izan ere, udalarekin elkarrizketak eta negoziazioak abian zituzten ados jarri eta etxegabetzerik ez gertatzeko, baina ez dute lortu akordiorik.

Otxarkoagako etxegabetzea 09:15erako zegoen ezarrita. Ordu hori heldu baino lehen, dozenaka herritar bildu ziren atariaren aurrean kaleratzea oztopatzeko asmoz. Plataformak deitutako mobilizazioak auzokideen eta gizarte mugimenduen babesa jaso zuen.

Berria Bilboko Udalarekin harremanetan jarri da, eta hango iturriek adierazi dute aspaldi abiatu zela etxegabetzearen auzia. Hala ere, ez dute azalpen gehiagorik eman nahi izan.

Familia zaurgarria da: aitak %70etik gorako desgaitasuna du; gurpil aulkian ibiltzen da; eta, orain arte, bosgarren solairuan bizi ziren, igogailurik gabe. Alokairua ez ordaintzeagatik abiatu zuten prozesu judiziala. Hala ere, plataformako bozeramailearen arabera, familiak bilerak egin zituen udal etxebizitzen arduradunekin, eta ordaintzeko proposamen bat erregistratu zuen formalki.

Kolektiboak salatu duenez, udalak adierazi zuen ez zegoela inolako negoziaziorik epaitegian, eta horrek etxegabetzea etetea galarazi zuen. Aldiz, plataformak ziurtatu du harreman horiek eta udal bulegoekin izandako elkarrizketak egiaztatzen dituzten agiriak dituela.

Gasteizen, etxegabetze bat geldituta

Bestalde, Auzoan Bizi Etxebizitza Sindikatuak salatu duenez, ekainaren 30ean, Gasteizko erdiguneko etxebizitza batetik ama bat, 6 urteko alaba eta gizon bat «legez kanpo etxegabetzen» saiatu ziren. Ziurtatu dutenez, etxearen jabea «inolako prozesu edo agindu judizialik gabe» bi ertzainekin batera bertaratu zen, eta familia behartu zuten etxetik irtetera eta giltzak ematera; horretarako bi orduko epea eman zien. 

Kaltetutakoak berehala jarri ziren harremanetan sindikatuarekin. Etxebizitza sindikatuak, etxearen jabearen hitz egiteaz gain, legez kanpoko etxegabetzea gelditzea lortu zuen. Sindikatuak gogor kritikatu du Ertzaintzaren jarrera, eta leporatu dio etxegabetze enpresen moduan jokatzea, hiru pertsonaren —tartean haur bat— oinarrizko eskubideen aurka jo, eta modu «mafiosoan» haiek kaleratzen saiatzeagatik.

https://www.berria.eus/euskal-herria/familia-bat-etxegabetu-dute-otxarkoagan-udal-etxebizitza-batetik_2160770_102.html?utm_source=Twitter&utm_medium=Sare_sozialak_CM

 

Contactar con La Haine

 

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal