Flotillako ehunka atxilotuek torturak eta tratu txarrak salatu dituzte


tziar, Jotas, Karim eta Mikelonen senideekin harremanetan jarri da igandean Israelgo Espainiako Kontsulatua, Gazarako Mugimendu Globala Euskal Herria ekimeneko prentsa arduradun Ana Casconek Argiari azaldu dionez. Argia Mikelonen hurbileko pertsona batekin ere hitz egin du, eta baieztatu du igandeko gauerdi inguruan Fernando López de Castro kontsularen deia jaso zuela.
Kontsularen arabera, Global Sumud Flotillako ontzietan zihoazen lau euskaldunak gaur kanporatuko dituzte Israeletik. Ktziot presondegi ondoko aireportutik Atenasera bidaliko dituzte hegazkinez, eta Greziako hiriburura Euskal Herriko 15:30ean ailegatzea espero dute. Han hegaldi berria hartu beharko dute, Madrilera. Senideak eta hurbilekoak saiatu dira Atenasetik Bilborako hegaldiren bat hartzeko aukera aztertzen, baina kontsulak adierazi die ez dela posible.
Torturak eta tratu txarrak
Global Sumud Flotillako ia 500 aktibista atxilotu zituen Israelgo armadak iragan aste amaieran, eta hasi dira batzuk beren jatorrizko herrialdeetara heltzen. Tratu txarrak salatu dituzte askok: kolpeak, umiliazioak, bi egunez loa, ura eta jana ukatzea, begiak estalita eta hankak eta eskuak lotuta mantentzea, arrastaka eramatea... Ontzidian zihoan eta aske utzi berri duten Lorenzo D'Agostino kazetari italiarrak adierazi du Israelgo militarrak bereziki bortiz jokatu dutela Greta Thunberg ekintzaile gaztearekin, "eskarmetua" eman asmoz. Isralego Gobernuak tratu txar eta tortura salaketak ukatu ditu.
Euskaldunek jaso duten tratuaren inguruan ez dute informaziorik ez Casconek ez Mikelonen senideek. Casconek, edonola ere, azpimarratu nahi izan du flotillako atxilotuek lau egunez jaso dituztela sionisten tratu txarrak, baina palestinarrak “urteak” daramatzatela muturreko biolentzia eta genozidioa pairatzen, eta arreta horretan jartzea eskatu du.