Gasteizen, hainbat emakume behartu dituzte prostituzioan aritzera
Gasteizko prostituzio etxe bateko bi arduradun atxilotu zituen Ertzaintzak larunbatean, eta beste arduradun bat ikerketapean dago, haiei laguntzeagatik. Atxilotuei —bi emakume dira— zera egotzi diete, prostituzio etxean bertan prostituzioan aritzera behartuta zeuden emakume batzuei sexu esplotazioa egitea.
Biktimak zer-nolako esplotazio baldintzetan zituzten azaldu zuten: lan ordutegi zorrotzak zituzten, nork bere bizitza egiteko «oso denbora gutxi», noiznahi lanera itzultzeko betebeharra… Nola jantzi ere zehazten zieten, eta irabazten zuten diruaren %70 proxenetei eman behar zieten. Era berean, emakumeek azaldu zutenez, behartuta zeuden bezeroei droga ematera ere, haiek hala eskatuz gero. Ohe baten azpian izaten zuten droga poltsatxo bat aurkitu zuten ertzainek. Bi atxilotuak atzo goizean eraman zituzten epailearen aurrera.