Gaur duela 34 urte Guardia Zibilak Jon Lizarralde eta Susana Arregi eusko gudariak erail zituen
Jon Lizarralde, Susana Arregi eta German Rubenach bainatzerajaitsi ziren Irunberriko Arroilaren ibaira, 1990eko ekainaren 25eko eguerdian. ETAko Nafarroa komandoa osatzen zuten, eta astebete zeramaten kanpin-denda batean, Guardia Zibilaren aurkako ekintza baterako informazioa jasotzen. Une hartan, handik igaro zen Nissan Patrol bat geratu, eta Jose Luis Hervás sarjentua jaitsi zen haiek identifikatzera. Ekintzaileek tiro egin, agentea hilda utzi eta ihes egin zuten. Ondorengo hogei orduan, Guardia Zibilak arroilaren bi irteerak itxi zituen, eta ez zen jakin zer gertatzen ari zen han barruan. Ondorioak latzak izan ziren: iluntzean Rubenach aurkitu zuten buruan tiroa zuela; ospitalera eraman zuten, eta bizia salbatu zuen. Hala ere, begi batetik itsu geratu zen. Biharamunean, Lizarralde eta Arregiren gorpuak aurkitu zituzten. Arregik bi tiro zituen buruan, Lizarraldek tiro bat buruan eta ibaiko ura biriketan. Espainiako Barne Ministerioak suizidatu egin zirela esan zuen, eta kasua itxi; baina kalean ez zitzaion sinesgarritasunik eman bertsio ofizialari.
Pako Aristik idatzi duen Irunberri, 1990: Arroilaren negarra liburuan gertakari hauen inguruko ikerketa sakon bat garatzen da, non ondorioztatzen den gazte hauek torturatu eta akabatu egin zituztela.