lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 23/07/2026

Gaurko egunez, duela 50 urte, Eduardo Moreno Bergaretxe "Pertur" eusko gudaria desagerrarazi zuten

La Haine - Euskal Herria
Triple A eta BVE talde faxistek aldarrikatu zuten ETAko militantearen erailketa. Hala ere, oraindik ez dute argitu zer gertatu zen.

Gaur 50 urte bete dira Eduardo Moreno Bergaretxe "Pertur" ETAko militantea desagerrarazi zutenetik, eta, mende erdi igaro den honetan, oraindik argitzeko dago zer gertatu zen Perturrekin. 

1976ko martxoan, ABC egunkariak ETA politiko-militarrak bidalitako Zerga Iraultzailearen gutun bat atzeman ondoren, haren edukiaren berri eman zuen. Bertan, jasotzaileari Perturrekin, Ezkerrarekin, Markekin harremanetan jartzeko eskatzen zitzaion. Hilabete berean, Perturren eta J.L. Echegaray Marken erretratuak argitaratu zituen ABCk, Angel Berazadi enpresaburuaren bahiketaren arduraduntzat jota. Bahiketaren oihartzunaz harago, argazki horren bidez Pertur jendaurrean identifikatu zuten, eta iritzi publikoan presentzia hartu zuen. 1976ko apirilaren 8an, Espainiako Estatuak negoziatzeari uko egin ondoren, ETA politiko-militarrak Berazadi exekutatu zuen, hiru astez bahituta eduki ostean. Unidad egunkari donostiarrak portada eskaini zion albisteari, "Berazadi, asesinado" izenburupean. Enpresaburua hilda, Pertur ETApm-ren zuzendaritzako kide gisa kokatu zuten bai egitura polizialek, bai prentsa orokorrak. Exekuzioak eragindako astinaldi politikoaren aurrean, Fraga Iribarnek mehatxu argia egin zuen: "Si quieren guerra, la tendrán". 1976ko uda iritsi zenean, Perturren familiak egoerarik larrienak bizi izan zituen. Lehenik, ekainean, familiak mehatxu idatziak jaso zituen, eta etxea metrailatu egin zieten. Uztailaren 15ean, Pertur bahitu baino zortzi egun lehenago, Marta Bergaretxe (Perturren ama) atxilotu eta giltzaperatu zuten Irunen, Eduardo López Maturana inspektorearen aginduz.

1976ko uztailaren 22tik 23rako gauean, Pertur errefuxiatu politiko gisa bizi zen Donibane Lohizuneko (Lapurdi) apartamentuetako batean egon zen. Egun batzuk lehenago, Hendaiako Mugalde liburu-dendan mezu bat jaso zuen: uztailaren 23an, 10:00etan, Donibane Lohizuneko Consolation kafetegian agertu behar zuen, "duela hilabete ezagutu zenuen eta berriro ikusi nahi zaituen pertsona batekin" elkartzeko. Hurrengo egunean, goizeko 09:40 aldera, Donibane Lohizuneko bidegurutze batean, Pertur Francisco Mujika Garmendia "Pakito" eta Miguel Angel Apalategi Ayerbe "Apala"-rekin elkartu zen, ETA (pm)-ko Komando Berezietako kideekin. Beraiei galdetu zien ea Hendaia aldera zihoazen eta Behobiaraino eramango ote zuten. Haiek baiezkoa eman zuten, eta hirurak Renault 5 urdin batean abiatu ziren. Pakitok adierazi zuen Pertur "Irun ondoko mugatik gertu dagoen bidegurutze batean" utzi zutela, eta, ondoren, berriro ekin ziotela bideari. Kafetegiko langileen testigantzaren arabera, Pertur ez zen inoiz bertara iritsi. Beraz, une hartatik aurrera, publikoki adierazpenak egin duen inork ez zuen Pertur berriro bizirik ikusi.

Desagerpenaren errudunei buruzko hipotesiek airean jarraitzen dute. Bi hipotesi dira nagusi: Espainiako indar parapolizialek desagerrarazi zuten, edo berarekin desadostasunak zituzten ETA pm-ko Bereziak izeneko taldeko kideek egin zuten. Bereziek desagerpenean zerikusirik izana ukatu dute beti eta, aldiz, talde parapolizialek desagerpena euren gain hartu zuten. Triple A (Alianza Apostólica Anticomunista): uztailaren 26an Cifra albiste agentziara deitu zuen bahiketa bere gain hartzeko. Bestalde, Batallón Vasco Español (BVE), “Emilio Guezala” komandoa: uztailaren 31n komunikatu bat bidali zuen El Correo Español-El Pueblo Vasco egunkarira, Pertur “exekutatua eta Nafarroako herri batean lurperatua” izan zela esanez.

"Pertur"-ren desagerpen behartuaren inguruko ondorio nagusiak jasotzen dituen txostena plazaratu berri du Giza Eskubideen Behatokiak (GEBehatokia). Ikerketaren arabera, gertatutakoa estatu-aparatuarekin lotutako operazio planifikatu baten ondorio izan zela adierazten duten zantzu sendoak daude.

 

Contactar con La Haine

 

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal