lahaine.org
Nacionales E.Herria, Anti Patriarcado :: 14/02/2018

Gazteok San ValentHil!

Ernai

Harremanek zeharkatzen gaituzte eta harremanak zeharkatuta daude. Harremandu egiten gara, harremanak egiten ditugu eta harremanek egiten gaituzte. Harremanak ez ditu patuak bideratzen. Naturak ez dizkigu harreman ereduak inposatzen, txikitatik ikasten ditugu eta gure testuinguru sozioekonomiko-kulturalak zeharkatuta daude.

Baina, zeren araberakoa da harremanetan egokitu zaigun papera? Jendartean dugun posizioaren araberakoa. Elementu desberdinek baldintzatzen gaituzte: gaztea ala heldua, irakaslea ala ikaslea, langilea ala langabetua, bertan jaioa ala etorkina, goi mailako ikasketadun ala gradu bat egindakoa, lotsagabe ala lotsatia, enpresaria ala soldatapeko langilea... eta, nola ez, emakumea ala gizona.

Binomio horietako kategoriek sozialki duten esanahiaren arabera, bi posizio markatzen dituzte: harremanean botere gehiago duena eta gehiegizko botere horren menpe dagoena; edo bestela esanda, zapaldua eta zapaltzailea.

Antolaketa dikotomiko horietan oinarrizkoenetariko elementua generoa da. Honek esan nahi du kategoria guztien baitako azpi-kategoria dela emakume eta gizonarena. Edozein talderen baitan emakumea izatea, identitate zapaldua izatea da: emakume gaztea, emakume etorkina, emakume langilea... Dena den, are zapalduagoa dago ez emakume edota ezta gizon bezala bizi nahi izatea. Binarismotik ateratzea gogor zigortzen da gure gizartean. Azaltzen ari garen antolaketa dualaren bizkarrezurra heterosexualitatearen instituzioa da.

Zapaldu eta zapaltzaile entzunda, indarkeria burura datorkigun arren, askotan harremanetan ematen diren indarkeriak hain dira sotilak, antzeman ere ez ditugula egiten. Indarkeria eta menperatze mekanismo ugarik botere sinboliko eta ikusezinekin daukate zerikusia.

Baina horrek ez du esan nahi botere asimetria horiei buelta eman ezin zaienik. Gerta daiteke orain arte zapaldua zenak planto egin eta boterea eskuratzea. Edo gerta liteke, arazoaren errora jo eta botere asimetriarik gabeko beste eredu bat eraikitzea. Esan bezala, harreman ereduak eta botere asimetriak ez dira naturalak; sistema kapitalista eta heteropatriarkarra mantentzea dute xede eta horretarako antolatuta daude.

Ezin ukatu gure kontsumo-gizartean maitasunak, izugarrizko merkatu aukerak zabaltzen dituela, eta ez direla gutxi horretaz bizi diren enpresak. Maitasuna eta maitaleak, beraz, kontsumo objektu eta subjektu dira kapitalismoarentzat.

Maitasun erromantikoa mendebaldeko kulturan gailentzen den maitasunaren ideologia izendatzeko erabiltzen den kontzeptua da. Beraz, maitasun erromantikoa gure kulturan hegemonikoa den ideologiaren eraikuntza sinboliko eta soziala da. Maitasunaren pentsamendu horretan hezten gaituzte (inplizituki nahiz esplizituki) eta ondorioz, hori bihurtzen da maitasunari buruz daukagun kontzepzio edo ulerkera bakarra. Gehienetan oso naturalizatua eta eredu alternatiborik gabe. Mendebaldeko kultura maitasunaren kultura da. Egun, hemen, maitasuna guztiaren gainetik kokatzen da. Eta maitatzeko modu ororen gainean kokatzen dena, pasiozko maitasuna da, erromantikoa, ia beti bikote harremanetan ematen dena.

Maitasun eredu hegemonikoak sistema honetan betetzen duen funtzio nagusia ordena soziala mantentzea da. Hasierako atalean planteatzen genuenaren arabera, botereak eta ideologiak maitasun harremanak zeharkatzen dituzte. Hortaz, maitasuna ez da magia, “fletxazo” eta bultzada biologikoen eremuan kokatzen (historikoki egin izan den moduan eta oraindik ere egiten den moduan). Aitzitik, elementu sozial, politiko-ideologiko eta ekonomikoz josia dago.
Gure kulturak maitasunari hainbat ezaugarri, mito, iruditegi eta sinbolo egozten dizkio. Iruditegi hau sozializazio agente ezberdinetatik zabaltzen da: komunikabideak, produkzio kulturala, eskola e.a. Eta komunitate batean balio sinbolikoen kode bat ezarri nahi duen orok egiten duen moduan, maitasun erromantikoaren aparatuak bere erritualak ditu: bikotea harreman hasteko lehen urratsak, bikotea gizartean aurkezteko unea, koitoa praktikatzen den lehen aldia, ezkontza, elkarrekin bizitzera joandako unea, seme-alabak edukitzekoa... Mitoei dagokionez, maitasunaren pentsamendu oso bat eraikitzen da ondoko elementuetan oinarrituta: Laranja erdia eta bateragarritasuna, “nire maitasunak dena gaindituko du”, “zurekin bizitzaren hutsune eta bakardadeak bukatuko dira!”, “zu gabe ezin naiz egon”, “ez betidanik, baina bai betirako”…

Gaurko egunetik haratago, egunerokotasuneko zurrunbilotik begirada altxatu eta jarrai dezagun gazteok San Valen(t)hil egunean ere harreman ereduak birpentsatzen. Harreman eredu berriak eraikitzen!

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal