"Gehiegikeria polizialaren eta supremazismoaren aurrean", elkartasuna aldarrikatu dute Gasteizen

Elkarretaratze jendetsua izan zen atzo arratsaldean Gasteizko Foru plazan, eta bertan salatu dute herri mugimenduko 50 eragileetako ordezkariek azken asteetan Errekaleorren eta URSSAn gertatutakoa. Horrez gain, Gasteizen kalean dizi diren pertsonen inguruan ardura hartzeko exijitu diete instituzioei.
"Gehiegikeria polizialaren eta diskurtso supremazisten aurrean, herri antolakuntza eta elkartasuna dira erantzunik sendoena". Deitzaileen arabera, duela bi aste izandako poliziaren esku hartzea ez da gertakari isolatua, "diskurtso faxista eta arrazistaren gorakadaren" ondorio zuzena baizik. Mobilizazioan, Errekaleor Bizirik proiektuari elkartasuna adierazteaz gain, Gasteizko etxegabeen egoera eta "faxismoaren ideologia supremazista" gaitzetsi dituzte.
Errekaleorren emandako gertakariak azaltzeaz gain, irakurketan nabarmendu dute Gasteizen eta Araban kalean bizi diren pertsonen egoera larria, bereziki URSSAko lantegian bizi direnena. Bertako bizi baldintza gogorrez ohartarazi dute, "ez dago urik, ez argirik, eta garbitasun zein osasun baldintzak ez dira bermatzen". Udalak egoera ezagutzen duela gogorarazi dute, eta neurri eraginkorrik hartu ez izana leporatu diote. Horrez gain, salatu dute poliziaren jardunak egoera zaurgarrian dauden pertsonak instrumentalizatu dituela.
Instituzioei ardura eske
Hainbat eskaera luzatu dizkiete instituzioei elkarretaratzean. Segurtasun Sailari eta Ertzaintzari barne ikerketa zorrotza abiatzeko eskatu diete, azken esku hartzean izandako gehiegikeria polizialak argitu eta ardurak zehazteko. Gasteizko Udalari, berriz, etxebizitza hutsak erabili ditzala eta kale egoeran dauden pertsonentzako irtenbide duinak martxan jartzeko exijitu diote, baita URSSAko lantegian eta antzeko espazioetan bizi diren pertsonen egoerari "erantzun erreal eta duina" ematea ere.
Malitik etorritako asilo eskatzaileen egoera gogoan, Arabako instituzioei eskatu diete asilo eskatzaileentzako itxaronaldi duina bermatzeko, eta Eusko Jaurlaritzari, harrera prozesuak bizkortzeko. Espainiako Gobernuari, azkenik, asilo hitzorduen egoera desblokeatzeko eskatu diote.
Etxegabeen "gurpil zoroa"
Gasteizko bizilagun hauen egoera administratiboa zalantzan jarri dute, "gurpil zoro" baten existentzia nabarmenduz: "lanik ez izateak etxebizitzarik ez izatea dakar, eta horrek erroldarik ez edukitzea, ondorioz egoera irregularra luzatuz". Errolda eskubidea izan arren, haren inguruan negozio bat sortu dela ere salatu dute. Honen aurrean, eskaerak egin dizkiete instituzioei: harrera zentro duinak irekitzea, baliabide publikoak handitzea, eta bermatzea etxebizitza duinerako sarbidea eta errolda eskuratzeko eskubidea.
Agerraldian hitz egin ez duten arren, URSSAko biztanleekin harremanetan daudela azaldu dute antolatzaileek, eta fabrikako bizilagun batek idatzitako hitzek lekua izan dute Foru plazan:
"Gasteizko biztanle guztiek jakin dezatela itsasoa heriotzaren ontzietan zeharkatu dugun etorkinak garela, gure familiak eta seme-alabak atzean utzita. Batzuk ez gara helmugara ere iritsi. Gutako askok bizia galtzen dugu etorkizun hobe baten bila, eta zuen kultura ezagutzeko asmoarekin. Gutako batzuk 20, 25 edo 30 urteko gazteak gara, baina zaharragoak ere badaude. Batzuk hizkuntza ikasten ari gara; beste batzuk lanbide heziketan gaude, eta zuen gizartean integratu nahi dugu. Oso zaila egiten zaigu bizileku bat aurkitzea, eta horregatik fabrikan bizitzera behartuta gaude, zikinkeria eta arratoi artean, urik eta argindarrik gabe. Neguan hotza pairatzen dugu, eta udan beroa, urik gabe. Horregatik, fabrikan bizi garen guztiok ez gara gaizkileak. Poliziak badaki nor den ona eta nor ez. Denok ez gara egoera honen erantzule. Gure egoera ulertzea eskatzen dizuegu. Kalean bizitzea gogorra da... Eskerrik asko".
Faxismoaren diskurtsoa
Elkarretaratzean irakurritako adierazpenean salatu dute Vox alderdiak Errekaleorren aurka zabaldutako mezuek eragin zuzena izan dutela Ertzaintzaren jardunean eta arduradun politikoen adierazpenetan. Antolatzaileek ohartarazi dute diskurtso horrek ez duela Errekaleor soilik jotzen, eta gaurkoan bildu diren eragileak zein haien inguruan dauden kolektiboak ere arriskuan jar ditzakeela. Horregatik, eguneroko konpromiso gisa ulertu dute faxismoaren aurkako borroka, eta herri boterea indartzea jarri dute helburu nagusi gisa.
Elkarretaratzea amaitzeko, eragileek konpromiso bateratua adierazi dute, faxismoaren aurkako harresia eraikitzen jarraituko dutela, herri boterea indartuko dutela eta Errekaleor Bizirik proiektuari babesa ematen jarraituko dutela.
Errekaleorreko gertakarien kontakizuna
Hala azaldu dituzte agerraldian duela bi aste Errekaleor auzoan gertatutakoak:
"Maiatzaren 12an hurbildu ziren auzora URSSA fabrikan bizi diren gazte batzuk, etxebizitza batean sartu nahian. Auzokide batzuk bertaratu, eta Errekaleor Biziriken funtzionamendua azaldu ostean joan ziren gazteak. Hurrengo egunean, maiatzaren 13ko eguerdian, fabrika berean bizi den talde bat hurbildu zen Errekaleorrera. Oraingo honetan, hamabost pertsona inguru izan ziren. Eguerditik saiatu ziren auzokide baten etxebizitzan sartzen, baina berriro ere, auzokideak hurbildu eta azaldu zizkieten Errekaleor Bizirik-en proiektuaren nolakotasunak".
"Arratsaldeko 16:30ak aldera, Ertzaintzaren dispositibo handi bat agertu zen auzoan. Heldu bezain pronto, identifikatu ez zen agente bat, baina aintzindaritza hartu zuena momentu oro, etxebizitzaren atean zeudenei zuzendu eta argudiatu zuen URSSAko gazteek bertan bizilekua goizean eratu egin zutela. Horri erantzuteko, etxe hura bere etxea zela baieztatu zion ate aurrean zegoen bizilagunak, eta inguruan zeuden auzokideek ere azpimarratu zuten fabrikako inork ez zuela bertan eratu etxebizitza. Hala ere, barrura sartu ziren ertzainak, URSSAko gazteei beraiekin sartzeko esanda. Gainera, sartzeko agindu zioten Errekaleorreko etxe hartako bizilagunari. Hori ilegala zela adierazi zieten bertan zeuden bizilagunek momentu oro, baina ertzainek beraien jardunarekin jarraitu zuten. Handik minutu batzuetara, etxebizitzatik atera eta berretsita bertan ez zutela etxebizitzarik eratu, zera esan zien agente berak gainontzeko ertzainei: vamos con estos chicos a hablar a los coches".
"Ordu batzuk beranduago, 19:00ak aldera, gazte talde bat bertaratu zen berriz auzora, oraingo honetan askoz jarrera oldarkorragoarekin. Makilak eta palak ekartzeaz gain, koltxoiak eta bestelako gauza pertsonalak zekartzaten. Errekaleorren defentsan atera ziren berriz auzokideak, eta tentsioa areagotzen ari zenean heldu zen poliziaren dispositibo errepresiboa, 21:00ak arte auzoan geratuko zena. Momentu horretan erabaki zen Errekaleorretik deialdia egitea Gasteizko Herri Mugimenduari, ondorioztatuta poliziaren presentzia eta jokabidea proiektuaren kontrakoak zirela. Jendea auzora bertaratzen hasi zen toki ezberdinetatik, eta inguruan zein auzoko kaleetan zeudenak identifikatzen eta miatzen hasi zen polizia, inolako argudiorik gabe".
"Baina momentu biolentoenak gaueko ordu txikitan iritsi ziren. Maiatzaren 14an goizeko 01:30ak aldera, 25 gazte inguru hurbildu ziren Errekaleorrera. Kasu horretan, armatuta heldu ziren, eskuetan zeramatzatelarik makilak, burdinak eta erasotzeko edota beldurtzeko bestelako tresnak. Errekaleorreko auzokideak kalera atera ziren berriro eta haien gorputzak jarri zituzten erasoa geratzeko. Orduan, ingurutik harriak lortu zituzten gazteek eta auzokideen kontra jaurtitzen hasi ziren. Harriek bizilagun asko zauritu zituzten, bati baino gehiagori buruan emanda. Honela, bizilagun horietako bati buru-hezurra eta besoa apurtu zizkioten, eta pasa den asteartera arte ospitalean egon da, ebakuntza egin behar izan diotelarik. Kide horrek, oraindik, galduta dauka begi baten ikusmena. Egoeraren larritasuna zela eta, anbulantzia deitu behar izan zuten auzokideek. Anbulantziarekin batera, Ertzaintza agertu zen eta URSSAko gazteek alde egin zuten. Salatzekoa da ertzainek izandako jarrera egoeraren larritasunaren aurrean, bizilagunei errieta egin zietelarik anbulantzia eskatzeagatik".







