lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 30/05/2026

Israelen parte-hartzea salatu eta Euskal Selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatu dute Irunen

La Haine - Euskal Herria
BDZ plataformak deitutako mobilizazioan, Irungo herritarrek OCR Europako Txapelketan gertatutakoa salatu eta Israelgo ordezkarien parte-hartzea gaitzetsi dute.

Israelen aurkako aldarrikapenek Irungo kaleak bete zituzten atzo arratsaldean. BDZ-k eta Irun Palestinarekin taldeak deitutako mobilizazioan herritar ugari elkartu ziren. Irungo herriak OCR Europako Txapelketan gertatutakoa salatu zuen, eta Israelgo ordezkarien parte-hartzea gaitzetsi zuen.

19:30ean abiatu zen manifestazioa San Juan plazatik, eta parte-hartzaileek Palmera Monteroraino egin zuten bidea Palestinaren aldeko oihuak eta aldarriak zabalduz.“Boikot Israel, Palestina askatu” eta “Ibaitik itsasora, Palestina askatu” bezalako leloek hartu zituzten hiriguneko kaleak, egunotan Irunen zeuden kirolariek mezua entzun zezaten. Palmera Monterora iritsitakoan, BDZko kideek azken gertakarien inguruko komunikatua irakurri zuten. Bertan, herritarren mobilizazioak eta hainbat eragileren arteko lankidetzak lortutako emaitza nabarmendu zituzten, Israelgo ordezkaritzaren presentziaren aurkako salaketa soziala indartzea lortu dela azpimarratuz.

Komunikatuan azaldu zutenez, OCRA erakundeak taldekako proba bertan behera uzteko hartutako erabakia ez zen haien eskaera izan. Izan ere, antolatzaileen esanetan, Israelgo taldea lehiaketatik kanporatzea eskatzen zuten, eta ez gainerako talde eta korrikalariei eragingo zien neurri bat. Haien ustez, hartutako erabakiak ez du gatazkaren muina konpontzen eta etorkizuneko antzeko egoeretarako aukera galdu bat izan da.

Mobilizazioan Euskal Selekzioaren aldeko aldarriak ere entzun ziren. “Euskal Selekzioa bai, sionistak ez” oihukatu zuten behin eta berriz. Antolatzaileen hitzetan, «beste behin ere azpimarratu nahi dugu Euskal Selekzioak oraindik ezin duela ofizialki lehiatu, ezta bere elastikoarekin ere banakako modalitateetan». Horrela, nazioarteko erakundeek euskal kirolariei ezartzen dizkieten mugak salatu zituzten.

BDZk OCR Europako Txapelketari eta Europako federazioari urrats gehiago emateko eskatu zien, lehiaketak Israelgo Estatuaren politikekin lotutako eztabaidetatik kanpo gera ez daitezen. Era berean, parte-hartzaileen inguruko kontrol eta berme mekanismoak indartzeko beharra aldarrikatu zuten.

Bestalde, Irungo Udalaren jarrera ere kritikatu zuten. Haien esanetan, udal gobernuak ez du gaiaren inguruko adierazpen publikorik egin, eta salatu zuten OCRA Espainiari 70.000 euroko diru-laguntza eman izana. Horren aurrean, udalaren isiltasuna testuinguruaren larritasunarekin bat ez datorrela adierazi zuten.

Amaitzeko, Denontzat OCR elkartearen jarrera eskertu zuten. Azaldu zutenez, elkarrizketarako erakutsitako prestutasuna eta zubiak eraikitzeko borondatea positiboki baloratzen dituzte, eta gatazka honen inguruan erakunde eta kirol antolakunde gehiagok antzeko jokabidea izatea desiragarria dela nabarmendu zuten.

 

Contactar con La Haine

 

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal