Gora egin du nabarmen etxebizitzen prezioak Hego Euskal Herrian
Etxebizitzen prezioen igoerak ez du etenik izan 2024an, eta goranzko bidean jarraitu du urteko bigarren hiruhilekoan ere. Nafarroan igoera % 10,3koa izan da, aurreko urteko garai berarekin alderatuta. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere gora egin du, baina modu apalagoan, % 8,5.
Hain zuzen ere, Estatuko beste erkidegoekin alderatuta, Nafarroan igo da gehien etxeen prezioa. Batez ere, etxebizitza berrietan nabaritu da, % 14,6 garestitu baitira. Bigarren eskuko etxebizitza ere garestiagoa da, % 8,1, Nastat Nafarroako Estatistika Institutuak argitaratu dituen datuen arabera. Euskal Autonomia Erkidegoan, etxebizitza berri bat erostea % 15,2 garestiagoa izan da. Bigarren eskukoek, berriz, % 7 egin dute gora.
Oro har, Estatuan, etxebizitzen prezioak % 7,8 garestiagoak izan da bigarren hiruhilekoan aurreko urteko garai berarekin alderatuta, eta % 3,6 garestiagoak aurtengo lehen hiruhilekoaren aldean. Estatistikako Institutu Nazionalak (INE) azpimarratu duenez, etxebizitza berrien prezioak azken 17 urteetako igoerarik handiena izan du, % 11,2 garestitu baita. Bestalde, bigarren eskuko etxebizitzen prezioak % 7,3 egin du gora 2024ko bigarren hiruhilekoan eta goranzko etengabeko bidean daude 2014tik. Aurretik, sei urtez merkatzen aritu ziren, 2008an higiezinen burbuilak eztanda egin ondoren.