Gose eta egarri greba mugagabea hasi du Iñaki Bilbao euskal preso politikoak
Zaballako espetxean ez duela osasun-arreta egokirik jasotzen salatu du Lezamako presoak; izan ere, kartzelariek uko egin diote pairatzen duen prostatako minbizia tratatzeko behar dituen botikak emateari.
Lezamako Iñaki Bilbao ”Txikito” euskal presoak gose eta egarri greba abiatu du, salatzeko espetxean ez duela osasun arta egokirik. Senide eta gertukoen arabera, kartzelariek uko egin diote pairatzen duen prostatako minbizirako botikak emateari, eta horrek gose, egarri eta komunikazio grebari berriro ekitera eraman du.
Azken hilabetetan hainbat borroka eraman ditu aurrera, espetxean jaso duen jazarpena salatzeko eta militatzera eraman zituen helburuen alde borrokan jarraitzeko. Euskal preso politikoak maiatzaren 4an hasi zuen gose eta egarri greba, ziegako leihotik ikurriña eta Kubako bandera kentzeari uko egiteagatik isolamenduan sartu ostean. Grebari ekin eta zenbait egunera, ospitaleratu egin zuten Bilbao. Hala, barauldia etetea erabaki zuen lezamarrak. Hala ere, uztailaren hasieran berriz ekin zion borrokari. Txikitok Zaballako espetxean pairatzen ari dituen azken neurri arbitrarioen aurrean (kode argirik gabeko zigorrak, komunikazioak mugatzea, isolamendua..) komunikazio eta patio greba hasteko erabakia hartu zuen. Gaurtik aurrera, beste urrats bat emango du bere borrokan.
42 urte bahituta
Iñaki Bilbao Goikoetxea “Txikito” 42 urte pasa ditu kartzelan, hau da bere bizitzaren zati gehiena. Gainera hainbat hamarkada isolamendu moduluan pasa ditu, horrek suposatzen duen eskubideen ezabapenarekin, adibidez, 22 orduz zeldan egotea eta bakarrik bi orduz atera ahal izatea edo bisiten murrizketa, segurtasun balditzak handituz. Lezamakoa lehen aldiz espetxeratu zuten 1983. urtean ETAn militatzeagatik eta 18 urte preso pasa ondoren aske utzi zuten. Aske utzi eta gero bere militantzia berrartu zuen eta handik urte gutxira berriz atxilotu zuten 2002an. Oraingo honetan Juan Priede PSEko zinegotziaren exekuzioa leporatu zioten eta berriz espetxeratua zuten. Gertakari hauek kontuan izanda 2032. urtera arte zeukan kondena, baina urteak pasa hala zenbait kondena gehiago jaso zituen hainbat epaiekin izan zituen liskarren harira eta borroka armatuari sustegua emateagatik. Osotara 68 urteko kondena betzen ari da Txikito Zaballako espetxean, nahiz eta urte gehienak dispertsioan pasa arren Puerto lll-ko (Cadiz) espetxean, Topas-eko (Salamanka) espetxean… beste batzuen artean







